Bizikidetza

Arrasateko udal taldeek biktima guztiak erreparatzeko akordioa lortu dute

Azaroaren 24an Isaias Carrascoren aitortza ekitaldia egingo dute. Ondoren, Iñaki Etxaberen eta German Agirrerenak. EAJ, EH Bildu, PSE-EE , Baleike eta Irabazik lortu dute akordioa.

Isaias Carrascoren alaba Sandra eta Iñaki Etxaberen alaba Olatz, iaz, 'S(u/a)minetik bakera' ikus-entzunezkoaren grabazioan.
Isaias Carrascoren alaba Sandra eta Iñaki Etxaberen alaba Olatz, iaz, 'S(u/a)minetik bakera' ikus-entzunezkoaren grabazioan.

Berria -

2018ko azaroak 8

Arrasateko (Gipuzkoa) Udaleko Oroimenaren eta Elkarbizitzaren Mahaiko alderdiek —EAJ, EH Bildu, PSE-EE , Baleike eta Irabazik— herriko biktima guztiak erreparatzeko eta bizikidetza bultzatzeko akordioa lortu dute, eta egutegi bat adostu aitortzarako ekitaldiak eta adierazpen instituzionalak egiteko, udalak gaur jakinarazi duenez.

Aurreneko neurria, Isaias Carrasco zenaren aitortza ekitaldia izango da, hil honen 24an. ETAk hil zuen Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohia, 2008an. Ondoren Iñaki Etxaberen eta German Agirreren aitortzak egingo dituzte. BVE Batallon Vasco Españolek hil zuen Etxabe, 1975ean, eta Espainiako eskuin muturrak Agirre, handik astebetera. Beste biktima guztien aitortza ekitaldiak ere egingo dituzte.

Euskal presoen aurkako sakabanaketa politikak eragindako "sufrimenduaren" errealitateari erantzuteko proposamen "zehatz" bat bat lantzen ari dira udal taldeak, eta asmoa da urtea bukatu aurretik jakinaraztea.  

Egindako lanari, jorratutako bideari eta lortutako akordioari balio handia eman dio Oroimenaren eta Elkarbizitzaren Mahaiak. Duela bi urteko irailean jarri zuten abian mahaia, udal talde denek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna