MEMORIAREN EGUNA

Eusko Jaurlaritzak memoriaren "pedagogia kritikoa" egingo du etzi, Miramar jauregian

Azken 60 urteetan euskal gizarteak izan duen jokaeraren "analisi kritikoa" egingo dute. "Terrorismoaren eta indarkeriaren" biktimak diren bost alabek hartuko dute parte. "Pertsona horiei haurtzaroa eta nerabezaroa lapurtu zieten aita erail zietenean", nabarmendu dute Jaurlaritzatik.

Memoriare Eguneko ekitaldia, iaz, Eusko Legebiltzarrean.
Memoriare Eguneko ekitaldia, iaz, Eusko Legebiltzarrean. FOKU

Berria -

2018ko azaroak 8

Donostiako Miramar jauregian egingo du Eusko Jaurlaritzak Memoriaren Eguneko ekitaldi nagusia, larunbatean (13:00). 'Memoriaren pedagogia kritikoa. Euskal gizartea: argiak eta itzalak' goiburua jarri diote ekitaldiari, eta azken 60 urteetan euskal gizarteak izan duen jokaeraren inguruan "analisi kritikoa" egitea dute helburu. Testigantzen bidez egingo dute hori. "Terrorismoaren eta indarkeriaren" biktimak diren bost alabek hartuko dute parte. "Pertsona horiei haurtzaroa eta nerabezaroa lapurtu zieten aita erail zietenean", nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak bere oharrean.

Honakoak dira parte hartuko duten bost alaba horiek:

-Naiara Zamarreño. Manuel Zamarreñoren alaba (1998).

-Ainara Olaziregi. Eugenio Olaziregiren alaba (1997).

-Sandra Carrasco. Isaias Carrascoren alaba (2008).

-Maider Garcia Martin. Juan Carlos Garcia Goenaren alaba (1987).

-Jaione San Sebastián. Alfredo San Sebastianen alaba (1975).

Ekitaldiaren amaieran, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak hartuko du hitza, eta Memoriaren Eguneko mezu instituzionala irakurriko du. Bertan, 70eko eta 80ko hamarkadetan euskal gizarteak biktimekiko izandako jarrera kritikatzen da, eta aitortzen da erakundeen erantzuna ere ez zela egoerak eskatzen zuenaren mailakoa izan. "Indarkeriaren eta terrorismo guztien biktimei" zuzendu eta "barkamena" eskatzen zaie mezu instituzional horretan —Gogora institutuak adostutakoa da—.

Dena dela, ez da Miramar jauregiko hori egun horretarako antolatu duten ekitaldi instituzional bakarra. Eusko Legebiltzarrean urteroko ekitaldia egingo da larunbatean, eta PPk ez beste alderdi guztiek babestuko dute berriro. Ekitaldia goizeko 10:30ean hasiko da, Eusko Legebiltzarreko lehendakariaren hitzekin, 'Gauerdiko Iparrorratza' izeneko eskulturaren aurrean. Lore-eskaintza parte-hartzailea egingo da, eta bi minutuko isilunearekin bukatuko da.

PPk larunbatean egingo du Memoria Eguneko bere ekitaldia, Irunen (Gipuzkoa). Amaia Fernandez PPko idazkari nagusiak gaur esan duenez, ez dute erakunde nagusien omenaldietan parte hartuko, "ezin delako terrorismoa deslegitimatu hura kondenatzen ez dutenen eskutik". Polizia indarkerien biktimek "errekonozimendua, erreparazioa eta justizia" merezi dutela esan du Fernandezek, baina horiei Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren omenaldietan tokia eginda, "gatazkaren mitoa" sustatzen dela.

Gipuzkoako Aldundiak ere antolatu du Memoria Eguneko ekitaldia larunbaterako, Bilboko Udalak ere bai, eta Gernikako Bakearen Museoak ere bai. Bihar, aldiz, Gasteizko Biktimen Memorialak antolatu du berea. ETAren hainbat biktimek eta Euskal Herrian destinatuta egondako guardia zibilek hartuko dute parte, besteak beste. Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari Jonan Fernandez han izango da, Espainiako Gobernuaren ordezkari Jesus Loza ere bai, eta Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez eta Gasteizko alkate Gorka Urtaran ere bai.

Etxerat-en elkarretaratzea

Etxerat elkarteak ere antolatu du Memoriaren Eguneko ekitaldia, "dispertsioak eragindako hamasei hildakoen memoria eta aitortzaren defentsan". Larunbatean izango da, Gasteizen, Eusko Legegiltzarretik gertu, General Loma plazan (10:00).

 

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna