Naval

Langileek adierazi dute Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua aitortuko dituztela soilik inbertitzaile nagusi gisa

2.000 manifestari baino gehiago bildu dira Barakaldon (Bizkaia), Navaleko langileek deitutako mobilizazioan. Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari engaiatzeko eskatu diete langileek berriro ere.

Navaleko langileek deitutako manifestazioa, gaur, Barakaldon (Bizkaia).
Navaleko langileek deitutako manifestazioa, gaur, Barakaldon (Bizkaia). Marisol Ramirez/Foku

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko azaroak 8

Van Oord armadoreak ezezkoa eman zuela jakin zuten, atzo, langileek. Alegia, Vox Alexia dragaontzia ez duela Navalen bukatuko. Ontziolako zuzendaritzak adierazi du, ordea, balizko hiru edo lau inbertitzailerekin lanean ari direla eta armadorearen ezezkoa behin betikoa ez izatea espero duela. Beharginek ez diote sinesgarritasunik aitortzen enpresari, eta langileak "sakrifikatu" nahian dabilela salatu dute. Haien esanetan, ontziola ez ixteko aukera bakarra behin eta berriro aldarrikatzen ari diren aukera da: Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak "ontziola erostea". Hain justu, beraiei zuzendu zaizkie manifestariak, gaur arratsaldean, Barakaldon egin duten mobilizazioan. Langileek ohartarazi dute ez dutela bi gobernuak ez diren beste inbertitzaile nagusirik onartuko.

Naval ez itxi. Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua, negoziazioa leloa eraman dute langileek manifestazioaren buruko pankartan. Beharginei babesa agertu diete hainbat ordezkari politikok. Tartean ziren Amaia del Campo Barakaldoko alkatea (EAJ), EH Bilduko Oskar Matute diputatua eta Iker Casanova legebiltzarkidea, Jose Antonio Pastor PSEko legebiltzarkidea eta Amaia Fernandez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko idazkari nagusia.

Manifestazioaren amaieran, hitza hartu du Pedro Gonzalez langileen komiteko presidenteak. Gonzalezek nabarmendu du ontziolen sektorea "estrategikoa" dela, eta Navalek "enplegua eta aberastasuna" sortzen duela Ezkerraldean. Enplegu horri eusteko "ardura" dutela ohartarazi die Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari, eta gaineratu du eskualde hori "nahikoa zigortua" izan dela "justifikaziorik gabeko erabaki politikoengatik".

Gonzalezek adierazi du langileek soilik Jaurlaritza eta Espainiako Estatua aitortuko dituztela enpresako inbertitzaile nagusi gisa. "Jar daitezela Navalen gidaritzan kudeatzaile kualifikatuak".

Langileen eskariarekin bat etorri da EH Bilduko Casanova ere. Haren esanetan, Jaurlaritzak "neurri eraginkorrak" hartzen hasi behar du Navalen itxiera eragozteko. Gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta langileen arteko mahai bat eratzea eskatu zuela eta egoerari aurre egiteko txosten bat egitera deitu zuela Jaurlaritza. "Ez da hori aurkeztu dena". Casanovaren esanetan, gobernuak aurkeztu duen txostena "aitzakia katalogo bat" da, "Jaurlaritzaren esku hartze falta justifikatzeko". EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, konponbideak ezinbestean eskatzen du "erreskate publiko erabatekoa ala partziala". Jaurlaritzari galdegin dio neurriak har ditzala beharrezko jotzen duen inbertitzaile pribatua "ager dadin edo sor dadin, euskal ehun produktiboaren parte diren eragile ekonomikoetatik abiatuta". Casanovaren hitzetan, "ezin dugu hirugarren baten menpe egon".

PSEko Pastorrek nabarmendu du "posiblea den guztia" egin behar dela Navalen etorkizuna bermatzeko. Helburu hori betetzeko, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak "asko dute esateko", Pastorren iritziz. Azaldu duenez, "inbertitzaile pribatu bat aurkitu beharra dago", erakunde publikoek kapital ekarpena egin ahal izateko; "gutxienez, akzioen %50" erosiz, enpresa "bideragarri" egiteko. Bi gobernuek horretarako "borondate politikoa" badutela ziurtatu du.

Barakaldoko Amaia del Campok adierazi du egoera "kezkagarria" dela eta egoera "zailtzen" ari dela. Hala ere, lanean jarraitzera deitu du, "itxaropenez". Egoera argitu artean, erakundeek langileekin egon behar dutela nabarmendu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna