Miren Manias.
Ekografiak

Irakurtzeko bekak

2018ko azaroaren 9a
08:15
Entzun

Zer faltadu euskal literaturak erakargarriago izateko? Galdera hori egin zion Arantxa Iturbek Harkaitz Canori, Booktegi-ren saioko hurrengo ataleko idazleari helarazteko. Ez nekien, ordea, Katixa Agirre izango zenik protagonista, eta interesa nuen jakiteko zer pentsatzen duen. Laguna eta lankidea da Agirre, eta nobela bakarrik irakurri diot. Gogoan dut aireportuko hizketaldi batean agindu zidala Atertu arte, itxaron lanaren kopia bat, baldin eta nik beste lagun bati bere liburua oparitzen banion. Egun batean, Euskal Herriko Unibertsitateko korridorean, eleberria eman zidan eskura. Ordutik, ez dut aukerarik baliatu haren lana gustatu zitzaidan ala ez esateko —barka iezadazu, Katixa—. Aitortuko dut, baina, autorea bera gehiago ezagutzeko interesa piztu zidala irakurketak. Hain zuzen ere, Booktegi-ren —ez dakit zergatik aukeratu duten book, eta ez pukapuka (liburua, maorieraz), adibidez— telebista saioak horretarako aukera ematen du.

Agirrek uste du euskal literaturari gauza dezente falta zaizkiola. «Baina bidean gaude; jende gehiago inguratzeko, irakurle eta idazle gisa». Haren azken nobela (Amek ez dute) argitaratu aurretik egin zion elkarrizketa Canok. Finean, sortzaileei tokatzen zaielako ere liburuei aurpegi bat jartzea. Agirreri ez zaio deserosoa suertatzen promozioa —«egin behar den gauza bat da; ez bakarrik Euskal Herrian, orokorrean»—. Konpetentzia handia da eta merkatu logikan murgilduta daude idazleak. «Jada, amaitu da liburua idatzi eta bertan goxo geratzea».

Zeintzuk dira Euskal Herriko biztanleen irakurtzeko ohiturak? Siadecok egindako eta Elkarrek argitaratutako txostenaren arabera, euskaraz idatzitako produkzioaren merkatua 150.000 lagun ingurukoa da —16 urtetik gorakoen artean—. Liburu irakurleak dira hamar euskal herritarretik zazpi, baina soilik %11k irakurtzen dituzte euskaraz. Hizkuntza horretan ez irakurtzeko arrazoi nagusien artean, erraztasunik eza da (%42). Alegia, oztopoa izan daitekeena merkatua eta erabilera handitu nahi badira. Zentzu horretan edo ez, Agirrek eta Canok proposamen bat egiten dute: irakurtzeko bekak sortzea. «Idazteko ematen badira, beharbada bekak eman beharko lizkigukete irakurtzeko», dio Canok. «Bai, irakurri, eta gero etorriko da idazteko tenorea», erantzun Agirrek.

Ez zait ideia txarra iruditzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.