Euskaraldia

Martxan da BERRIA han-hemengo tabernetan zabaltzeko kanpaina

 

Berria -

2018ko azaroak 9

Hizkuntza ohituretan eragitea du helburu Euskaraldiak, eta euskaraz irakurtzeko ohituran eragiteko asmoz jarri du martxan Eskatu BERRIA kanpaina BERRIA Taldeak: taberna gehiagotan euskarazko egunkaria izateko proiektua.

Zehazki, herritarren eskura jarri du webgune bat, haiek adieraz dezaten non ez dagoen eta non irakurri nahiko luketen BERRIA, edozein herritan. Behin zerrenda hori osaturik, hilabetez egunkaria doan bidaliko du BERRIAk taberna, kafetegi edo jatetxe horretara; ondoren, sei hilabetean eskaintza berezia egingo die harpidetzan. Gainera, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko 24 herritan, udalek jarriko dute dirua harpidetza horren zati bat ordaintzeko.

Euskarazko prentsa herritarren eskura jartzeak zer garrantzi duen gogoratu dute aurkezpenean. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak gogoratu du urteotan guztietan ostalari askok jarri dutela irakurgai euskarazko egunerokoa. "Orain bide horretara ekarri nahi ditugu oraindik pausoa eman ez dutenak". Taberna askotan dago hutsunea oraindik, erdal prentsa soilik izaten baitute.

Hain justu ere, Euskaraldiaren bueltan, proposamen osagarri bat egina du Uemak udalerri euskaldunetarako: ahozko erabileratik haragoko arloetan eragitea. Hedabideena da horietako bat. "Oro har euskaraz aritzen garen arren, oraindik ere arlo ugaritan hutsuneak ditugu", azaldu du Josu Labakak, Uemako lehendakariak. "Hedabideena da horietako bat. BERRIA da munduari euskaraz begiratzeko daukagun egunkari nazional bakarra. Bere horretan, arnasgunea da, zaindu beharrekoa".

Euskal prentsa herritarren eskuetan jartzearen garrantziaz aritu da Zelai Amenabarro, Legorretako alkatea (Gipuzkoa). Udal hori da parte hartzaileetako bat: "BERRIA herritarren eskura jarrita, aukera emango diegu Euskal Herria eta mundua euskaraz ikusteko".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna