Kristal hautsien gaua

80 urteren ondoren, berriz adi

Gaurko egunez hasi zen, duela 80 urte, Kristallnacht edo Kristal hautsien gaua Alemanian eta Austrian. Juduen aurkako jazarpenean mugarri bat ezarri zuen.

Kristal hautsien gaua oroitzeko erakusketa Berlingo Historiaren museoan.
Kristal hautsien gaua oroitzeko erakusketa Berlingo Historiaren museoan. FELIPE TRUEBA/EFE.

Hodei Iruretagoiena -

2018ko azaroak 9

1938ko azaroaren 9ko gaua zen, eta bost bat urte bazeramaten boterean naziek, NSDAP Alemaniako Alderdi Nazionalsozialistarekin. Urtez urte, juduen eskubideak murrizten eta haien aurkako jazarpenari bide ematen ari ziren, eta Kristallnacht izendatutako hartan lehertu zen zapalkuntza eta bortizkeria, Holokaustoaren mugarri bat ezarri eta II. Mundu Gerrari bide emanez.

Agintarien konplizitatearekin, 1.500 sinagoga baino gehiago erre zituzten AS Sturmabteilung edo asaltorako tropa deitutakoek, Alemanian eta Austrian. Hilerrietan sartu ziren, eta juduen denda —7.000 inguru— eta biltegiei ere eraso zieten. 30.000 juduren bueltan atxilotu zituzten, eta haietako asko hil zituzten jipoituta —100 inguru aipatu ohi dira—.

Ernst von Rath funtzionariaren hilketa izan zen erasoaldiei ekiteko aitzakia: Kristal hautsien gaua baino bi egun lehenago, Herschel Grynszpan juduak hil zuen errebolber batekin. "Bihotza odoletan jartzen zait 17.000 juduen tragedia entzuten dudanean. Protesta egin nahi dut mundu guztiak entzutzeko, eta hau egin beharrean ikusten naiz. Barkatu", idatzi zien gurasoei Grynszpanek. Ekintza hori baliatuta, besteak beste, Joseph Goebbelsek antolatutako kanpainek progromak sustatu zituzten egun haietatik aurrera—errusiar jatorriko hitza da progrom, eta suntsitzea esan nahi du, kolektibo jakin bati erasotzea—.

"Demokrata gutxi zeudelako"

Von Rathen hilketa ez zen aurrekari bakarra, ordea. Kristal hautsien gau hartan, hamabost urte ziren, zehazki, Adolf Hitler estatu kolpe bat ematen saiatu zenetik. 1933an iritsi ziren boterera naziak, juduen aurkako lege ugari onartu zituzten ondorengo urteetan: hiritartasuna kentzea, administrazio publikoan lan egitea debekatzea... Nurembergeko legen atariko izan ziren. 1938an pasaporteak erretiratu zizkieten eta erresidentzia baimenak bertan behera utzi zituzten. Hala, I. Mundu Gerrako porrotaren eta Depresio Handiaren ondoren, politika xenofobo eta arrazista horiek bide eman zioten Kristallnacht beltz hari. Juduak egin zituzten guztiaren errudun.

80 urteren ondoren, faxismoaren mamua ez da desagertu Europan. Gaur, Rykestrasse sinagogan oroitu dute urtemuga Alemaniako agintariek —1938an suntsitu zuten sinagoga hori ere, eta ez zuten berreraiki 2009 arte—. Angela Merkel kantzilerra eta Frank-Walter Steinmeier presidenteak bereizi egin nahi izan zituzten garai hartako eta oraingo errealitateak, baina adi egoteko deia ere egin zuten, eskuin muturraren eta jarrera xenofobo eta arrazisten igoera ohartarazita. Hala esan zuen Josef Schuster Alemaniako Juduen Elkarteko buruak: "Weimarko Errepublika ez zen bukatu nazi asko zeudelako, demokrata gutxi zeudelako baizik".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna