Mende bat Gerla Handia amaitu zela

1918ko azaroaren 11an gizadiak ordura arte ezagutu zuen gerrarik odoltsuena amaitu zen. Hondamendia izan zen Euskal Herrian ere, hildako ugari eragin baitzituen Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin.

Frantziako armadako soldaduak Verdungo batailan, lubaki batean babestuta. /
Frantziako armadako soldaduak Verdungo batailan, lubaki batean babestuta. /

Berria -

2018ko azaroak 11

Orain ehun urte, 1918. urtearen hamaikagarren hilabetean, azaroaren hamaikagarren egunean eta egun horretako goizeko hamaiketan eten zituzten erasoak Lehen Mundu Gerrako Aliatuek eta Erdialdeko Potentziek. Hala adostu zuten gerran aritu ziren aldeek, ordu batzuk lehenago sinatu zuten armistizioan. Azken unera arte iraun zuten erasoek. Gerraren amaiera ofiziala, baina, Versailleseko Itunak ezarri zuen, haren sinadurarekin, 1919ko ekainaren 28an.

Gerra giza hondamena izan zen Europarentzat. Baita Euskal Herriarentzat ere. Ipar Euskal Herrian, 6.000 biktima utzi zituen eta milaka zauritu. Horren adierazgarri, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herrietan ikus daitezkeen erorien aldeko oroigarriak. Gerra laburra izango zela uste zen hasieran, eta milaka gizonek batu behar izan zuten armadara. Euskal herritar gehienak Baionako 49. infanteria erregimentuan eta Paueko 18.ean —eta horiei lotutakoe erregimentuetan— sartu zituzten. Hiru egunen buruan, 25.000 bat soldadu abiatu ziren Baionatik gerrara. Pirinio Beheretik 45.000 bat joan ziren orotara. Ez dago argi horietatik zenbat ziren euskal herritarrak.

Gerla Handiak areagotu egin zuen Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunen arteko bereizketa, Gerla Handiaren bizipenak Frantziarekiko lotura indartu baitzien Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako euskal herritar askori. Hala ere, gudan borrokatu ziren euskaldunek identitate sentimendu desberdinak zituztela kontatzen dute garaiko kronikek. Esaterako, 1918an erasoak eten eta handik zortzi hilabetera, Baionan sartu zen 49. erregimentua, eta, Courrier de Bayonne aldizkariaren esanetan, omenaldiz betetako eguna prestatu zuten gerran aritutakoei harrera egiteko. Guy Cazenave tenoreak eman zion amaiera omenaldiari. Marseillaise kantatu zuen, eta gero, norbaitek hala eskatuta, Gernikako Arbola. "Halaxe amaitu zen zeremonia, guztia bikain laburtzen duten hitz batzuekin: Viva Eskual-Herria eta Eskualduna!", argitaratu zuen Courrier de Bayonnek.

Eraso militarrak amaitu ondorengo hilbateetan, bake ituna negoziatzeari ekin zioten aldeek. Historialari gehienen arabera, Versailleseko Itunak Bigarren Mundu Gerrarako hazia jarri zuen. Itun hark guztiz ito baitzuen Alemania galtzailea. Garesti ordainarazi zieten gerra. Desarmatzera, lurralde eremu zabalak aliatuen esku uztera eta garaileei kalte ordain handiak ematera behartu zituzten. Hainbestekoa izan zen Alemaniari ezarri zioten zorra, 2010ean amaitu baitzuen hura ordaintzeaz. Kontuan izan behar da aliatuek zorraren erdia barkatu ziotela Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean.

Arnasarik hartzeko tarterik ez zioten utzi Alemaniari, eta ataka horretan bi kolpe gogor jaso zituen: 1923ko hiperinflazioa —urte horretan prezioak bikoiztu egiten ziren lau egunetik behin— eta 1929ko crash latzaren kalteak. Hans-Joachim Voth historialari ekonomikoaren esanetan, alemaniarrek "psikosi kolektiboa" bizi izan zuten. Klase ertainak nozitu zen gehien, klasea bera desagertzeraino. Ogi barra batek 163 marko balio zuen 1922an; 1923ko azaroan, berriz, 200.000 milioi marko. Pobrezia guztiz orokortu zen, eta testuinguru horrek nazismoaren sorrerarako lurra ondu zuen.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna