Politika

Urkulluk onartu du "argi-ilunak" izan dituela gizartearen eta erakundeen biktimekiko jarrerak

Eusko Jaurlaritzaren ekitaldian, beren lekukotza eman dute ETAk, GALek eta Guardia Zibilak hildako bost biktimaren alabek.

Ezkerrean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, eta haren atzean, Jaione Sansebastian, Sandra Carrasco eta Maider Garcia biktimak.
Ezkerrean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, eta haren atzean, Jaione Sansebastian, Sandra Carrasco eta Maider Garcia biktimak. Javier Etxezarreta/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko azaroak 10

Jaurlaritzak Memoriaren Eguneko ekitaldi nagusia egin du, gaur, Donostian. Euskal gizarteak azken 60 urteetan izandako jokaeraren "analisi kritikoa" egin du Iñigo Urkullu Jarularitzako lehendakariak. Aurretik, Naiara Zamarreño, Ainara Olaziregi eta Sandra Carrasco ETAren biktimak, Maider Garcia GALen biktimak eta Jaione Sansebastian Guardia Zibilaren biktimak hartu dute hitza. Alderdi politiko guztietako ordezkariek parte hartu dute, PPk salbu. EH Bilduk adierazi du "bizikidetzaren alde" egiteko joan dela, baina salatu du Jaurlaritzak bere alde erabili duela ekitaldia. PPk, berriz, Irunen (Gipuzkoa) egingo du bere ekitaldia.

Beren lekukotza eman duten bost biktimak azaldu dute nola sentitu diren euskal gizarteak eta erakundeek beraiekin izan duten jarreraren aurrean. Urteetan bakarrik eta ahaztuta sentitu direla adierazi dute guztiek. Indarkeria ororen biktimak aitortzeko beharra ere nabarmendu dute.

Bost biktimen arteko solasaldiaren ondoren hartu du hitza Urkulluk. Memoriaren Eguna "beste behin" autokritika egiteko eguna da, haren esanetan. Euskal gizarteak eta haren erakundeek azken 60 urteetan izan duten jarrerari buruz, adierazi du "argi-ilunak" izan direla. Itzalen artean, aipatu du "berandu" erreakzionatu zutela biktimen egoeraren aurrean, eta "babes urria" eman zietela; bereziki, 70eko eta 80ko hamarkadetan. 90eko hamarkadan, berriz, gizarte erantzuna apurka hazi egin zela nabarmendu du lehendakariak. Indarkeriaren kontrako eta giza eskubideen aldeko mobilizazioak, eta ekinaldi sozial, mediatiko eta instituzionalak ugaritu ziren, haren esanetan. Horien artean aipatu du Ajuria Eneako Ituna. 2000ko hamarkadatik aurrera babes instituzionala eman zela gaineratu du.

Urkulluk iraganaren analisi kritikoa egitearen garrantzia nabarmendu du, etorkizuneko elkarbizitza eraikitzeko. Hiru printzipio etiko proposatu ditu horretarako: biktimak elkarren artean ez berdintzea, indarkeriari zilegitasunik ez aitortzea, eta biktimarik ez baztertzea.

Lehendakariak gaineratu du ekitaldian beren bizipenak kontatu dituzten biktimek "eztabaidaezina" den "irakaspen bat" utzi diotela gizarteari: "Gertatu zena bidegabea eta justifikaezina izan zen". Lehendakariaren hitzaldiaren ondoren, bi minutuko isilunearekin amaitu da ekitaldia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna