Iruzurra Osakidetzan

Osakidetzako lan eskaintzetako epaimahaiei jokabide kodea ezartzea eztabaidatuko dute

EAEko osasun sistema publikoko Giza Baliabidetako Zuzendaritzaren egituraketa aldatuko dute, eta kontratazioan espezializatutako unitatea sortuko dute.

Ekainean egin zen lan eskaintza publikoaren irudia, BECen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jon Rejado.
2018ko azaroaren 12a
11:36
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hausnarketa prozesu bat hasiko du, lan eskaintza publiko bidezko kontratazio prozesua zaharberritzeko. Horretarako oinarri gisa Rafael Jimenez Asensio Zuzenbidean doktoreak txosten bat egin du, zenbait proposamenekin. Osasun Sailak proposamen horiek emango dizkie legebiltzar taldeei, sindikatuei, EAEko Arartekori eta medikuen elkargoei, ekarpenak egin ditzaten.

Jimenez Asensiok egindako proposamenak xehatu ditu Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Lan eskaintza batean daude alor guztietara zabaldu ditu hobekuntza iradokizunak: hautaketa sistema, deialdien oinarri orokorrak, oinarri espezifikoak... Hobekuntza horiek modu progresiboan egitea ere proposatu du. Aipatu eragileek txostena aztertuko dute, ekarpenak egin, eta, horrekin, berrituz joango da Osakidetzako lan eskaintza publikoen eredua.

Epaimahaiak hobetzeko hainbat ekarpen jaso ditu ere: epaimahaietako kideek jokabide kode bat onar dezatela; 3 eta 5 artean egotea (azken lan eskaintza publikoan zortzi egon ziren); formakuntza hobetzea, haien jarduna profesionalizatze aldera; epaimahaia zozketa bidez aukeratzea, hautaketa prozesuetarako gaitasuna dutenen artean...

Azkenik, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak jakinarazi du kontratazioan espezializatutako unitatea sortuko dutela. Gaur egun Giza Baliabideetako Zuzendaritzan bi unitate daude: giza baliabideak, eta kudeaketa eta antolaketa. Bada, hirugarren bat sortuko dutela iragarri du, langileen aukeraketan espezializatutako langileekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.