Hipoteken zerga

Etxebizitza erosleek zerga ez ordaintzeko formulak aztergai Nafarroan

Gobernuak etzi aurreratuko du zer aldaketa proposatuko duen

joxerra senar
2018ko azaroaren 12a
18:28
Entzun

Espainian Auzitegi Gorenak sortutako anabasaren ondotik, Nafarroak zer erantzun eman zehaztuko du asteon. Parlamentuan hiru posizio nagusitu dira. Alde batetik, PSNk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-Orain Baik zerga bankuek ordaintzea hobesten dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bidea nahiago dute UPNk eta EH BIlduk (hots, lehen etxebizitzagatik zergarik ez ordaintzea, eta hortik aurrera bankuek pagatzea). Azkenik, PPk zerga osorik kentzea nahiago du. Ezein alderdik ez du proposatu herritarrek pagatzea zerga.

Geroa Baik oraingoz ez du bere posizioa argitu. Etzi, Gobernu kontseiluak Ekintza Juridiko eta Dokumentatuen gaineko zerga aldatzeko foru lege proiektua onartuko du. Aurreko astean, Maria Solana Gobernuko eledunak aurreratu zuen gobernuaren barruan eztabaidagai dutela zer egin lege horrekin, eta bankuek zerga ordaintzeko formularen aukera aipatu zuen. Dena den, etzi ikusiko da nondik nora jotzen duen.

HIru posizio Parlamentuan

Alderdiak azkar mugitu dira. PSNk eta PPk bina lege proposamen aurkeztu dituzte Parlarmentuan. Sozialistek Espainiako bidea hartzea proposatzen dute. "Nafarrak bakarrik geratzen gara lege hori pagatzen", kexu azaldu da Maria Txibite PSNko eleduna. PPk, berriz, zuzenean zerga kentzeko bidea hartu nahi du. "Bidezkoena da zerga kentzea, bezeroek ez dezaten ordaindu, ezta bankuek ere, azken finean finantza erakundeek bezeroei pasatzen dietelako eta kaltetuak eurak direlako", arrazoitu du PPko Ana Beltranek.

Laukoaren baitan, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak ontzat jo dute sozialisten proposamena, baina tentuz azaldu dira. "Aztertu nahi dugu edukia tranparik ba ote duen ikusteko", aipatu du Laura Perezek. Ezkerrako Jose Miguel Nuinen arabera, gobernuari dagokio gai honi irtenbide politikoa ematea, baina politikoki erantzuna argia dela deritzo: bankuek ordaindu behar dute.

EH Bilduko Adolfo Araizek "kezka" azaldu du Nafarroak Espainiaren bide bera hartzen badu. Azken finean, bankuei zerga ordainarazita finantza erakundeek zerga bezeroari pasa diezaioketela uste du, eta horregatik nahiago du Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako irtenbidea: lehen etxebizitzagatik zergarik ez ordaintzea eta hortik aurrera bankuek pagatzea. Hain zuzen ere, proposamen hori ontzat jo du UPNk ere bai, nahiz eta Javier Esparzak exekutiboaren jarrera kritikatu duen. "Gobernuak bere proposamena aurkeztua eduki behar luke".

Nafarroan egun etxebizitzaren erosleek pagatzen dute zerga. Espainiako Gobernua azkar mugitu zen iragan astean, eta etzi bere proposamena finkatuko du gobernuak. Horren aurrean, Geroa Baiko Koldo Martinez uste du atzerapena "astebete edo bi astekoa" izango dela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.