Finantza publikoak

Nafarroak iaz ez zuen bete gastu araua

Aranburuk azaldu du 12 milioi euro inguruko desadostasuna dutela Espainiako Gobernuarekin. Nafarroako Ogasunaren arabera, iaz 17 milioi euroren diferentziagatik ez zen bete helburu hori.

Mikel Aranburu Ogasun kontseilaria, urriaren 4an, 113 milioi euroen legea onartu zenean. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2018ko azaroaren 13a
18:33
Entzun

Urrian, IGAE Estatuko Administrazioaren Esku-hartzailetza Nagusiak kontabilizatu zuen Nafarroak iaz 30 milioi eurogatik ez zuela bete gastu araua; hau da, %3,2ko gastu araua izan zuen iaz, eta, gehienez, %2,1ekoa izan behar luke. Aldiz, Nafarroako Gobernuko kontabilitate zerbitzuek zenbatu dute %2,7koa dela eta, horren ondorioz, sei punturen aldeagatik (17 milioi) ez duela bete helburu hori.

UPNk eskatuta, gaur eguerdian agerraldia egin du Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariak. Haren esanetan, 13 milioiko desadostasun horren arazo nagusia da ez dagoela gastu araua zenbatzeko araudirik. Espainiako Gobernuarekin duten desadostasunaren atzean bi irizpide daude: batetik, zortzi milioi euroko "huts aritmetikoa", IGAEk gastu araua kalkulatzerakoan ekarpenaren atal bat ez zuelako aintzat hartu; bestetik, Tokiko Ogasunetik udal korporatiboei pagatutako ordainsariak 2016an ez ziren aintzat hartu, eta 2017an bai. Hori zehaztu zain, 13 milioi euroren aldea dago bi gobernuen arteko kalkuluetan.

Aranburuk garrantzia kendu dio gastu araua bete ez izanari. Iaz, IGAEren arabera, hamahiru erkidegok ez zuten bete helburu hori, eta, Aranbururen esanetan, horrek ez du zertan baldintzatu Nafarroako ahalmen ekonomikoa. Aranburuk bat egin du gaur egungo Espainiako Ogasun ministroak, Maria Jesus Monterok, Andaluziako arloko kontseilari zenean, gastu arauaren inguruan egindako interpretazioarekin: "Gastu arauaren aurkako kritikarik zorrotzenak egiten zituen". Aranburuk gogoraratu du superabit edo defizita ez bezala, gastu araua beteko al den ezin daitekeela jakin urtea itxi arte. "Azaroan gaude, adibidez, eta oraintxe ez dakit gastu araua beteko dugun edo ez", azaldu du.

"Gaur-gaurkoz, baimenik ez"

Hala ere, 2017ko gastu arauak izan dezake garrantzirik. Aurtengo Estatuko Aurrekontu Orokorretan, inbertsio iraunkorrak ahalbidetzeko 116 xedapen gehigarriak ezarritako baldintzen artean zegoen iazko gastua araua betetzea. Nafarroak bete ez duenez, Espainiako Gobernuaren baimena behar du. "Uztailetik gaude euren atzetik, eta, gaur-gaurkoz, ez dugu baimenik", kritikatu du. Urriaren 4an 113 milioi euroren inbertsioen legea aurrera atera zuen laukoak Parlamentuan, eta, lege horri begira, plan ekonomikoa bidali zion gobernuak Madrili, baina oraindik ez dute jaso inongo erantzunik. 

113 milioi euroko baimena, gobernu sozialistak eman beharra du. Hilabete iragan da, eta albisterik ez dago. Gaur, Ainhoa Unzu PSNko parlamentariak kritikatu du gastu araua bete izan ez balitz ez lukeela baimen horren zain egon behar. Aranburuk erantzun dio ez dela inongo akordiorik behar, eta estatu idazkariaren aldetik oraingoz ez dagoela inongo borondaterik ezer egiteko horri buruz.

Parlamentarien azalpenen artean, UPNko Juan Luis Sanchez de Muniainek kezka azaldu du gastu araua bete ez izanak izan ditzakeen ondorioengatik, eta gogoraratu dio Aranbururi otsailean helburu hori bete egingo zela aipatu zuela. Geroa Baiko Jokin Castiellak zalantzan jarri du IGAEko teknikarien fidagarritasuna, eta azaldu du maiatzean Nafarroaren iazko gastu araua %5,8an zenbatu zutela, eta urrian %3,2ra jaitsi. EH Bilduko Adolfo Araizen ustez, berriz, Europako Batasuneko erakundeek ezarritako irizpideak baino zorrotzago ari dira Espainian finantza egonkortasunerako diziplina neurri hori aplikatzen.

Beltranen iraina

Bestalde, ika-mika izan da Laura Perez eta Ana Beltranen artean. Orain Bai taldeko parlamentariaren irudiko, Espainiako Finantza Egonkortasunerako Legeak herritarren beharren gainetik jarri du zor publikoa amortizatzea eta bankuei diru hori ordaintzea. Ana Beltranek gastu arauaren beharra defenditu du, eta, bere solasaldian, Laura Perezi aritu zaionean mikrofonoek "tonta" hitza jaso dute. Perezek eskatu du irain hori ezaba dadila aktetan. Beltranek, erantzunean, galdetu du "ea entzun den", eta parlamentari guztiek baiezkoa ematean honako hau esan du: "Orduan ken dadila". Ez du barkamena eskatu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.