Trantsizio energetikoa

Espainiako Gobernuak 2040. urtean eten nahi du diesel eta gasolina autoen matrikulazioa

Errekuntza motorreko automobil berrien salerosketei epemuga 2040. urtean ezartzeaz gain, 2050. urterako argindar guztia iturri berriztagarrietatik etortzea nahi du Madrilgo gobernuak.

Auto elektriko bat, kargatzen. /
Auto elektriko bat, kargatzen. / Isabelle Miquelestorena

Irune Lasa -

2018ko azaroak 13

Pedro Sanchezen gobernuak trantsizio energetikorako legearen zirriborroko lerro nagusiak plazaratu ditu, eta helburu handinahi batzuk nabarmendu. Neurririk deigarrienetako bat errekuntza motordun automobilei ezarritako epe muga da. Legearen arabera, karbono dioxidoa zuzenean atmosferaratzen duten diesel, gasolina eta motor hibridoko automobil berrien matrikulazioa Espainian 2040. urtean amaituko litzateke. Europako beste hainbat herrialdek ere antzeko helburuak dituzte: Erresuma Batuak eta Frantziak epe bera daukate ezarrita ibilgailu horien matrikulazioentzat. Helburu hori lehenago lortu nahi dute —2035. urtean— Alemaniak, Danimarkak, Herbehereek eta Irlandak, eta are lehenago Norvegiak, 2025. urterako.

Garraioarenaz gain, argindarraren sorkuntzarena da trantsizio energetikorako gakoa den beste alor bat, eta horretan ere handinahi agertu da Espainiako Gobernua. Haren asmoa da 2030. urtean argindarraren %70 berriztagarrietatik etortzea da eta 2050. urterako argindar guztia izatea iturri horretakoa. Xede hori lortzeko 2020. urtetik 2030era bitartean urtero gutxienez berriztagarri bidezko 3.000 megawatteko potentziaren ezarpena bultzatzeko neurriak iragarri ditu. Deskarbonizaziorako, gainera, hidrokarburoen gaineko esplorazio eta ustiapen berririk ez baimentzea da Sanchezen gobernuaren asmoa, eta, horren barruan, eragotzi egingo lituzke haustura hidraulikoarekin zerikusia dute egitasmoak.

Teresa Riberaren Trantsizio Ekologikorako ministerioak aurkeztutako helburuok bat datoz, neurri handi batean, Europako Batasunak trantsizio energetikorako ezarritako xedeekin. Parisko Akordioa betetze aldera, Europako Batasunak 2050n urtean negutegi efektuko gasen isuria 1990. urtekoa baino %80 txikiagoa izatea nahi du. Espainiako Gobernuaren lege honek, berriz, murrizketa hori %90 izatea ezarriko luke helburu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna