Energia

Frantziako Gobernua, erregaien zergek piztutako haserrea baretu nahian

Ibilgailuak eta berogailuak berritzeko sariak handitu eta zabaltzeko 500 milioi euro iragarri du Edouard Philippek. Erregaien zergen igoerak ez direla baliogabetuko berretsi du.

Edouard Philippe, artxiboko irudian.
Edouard Philippe, artxiboko irudian. YOAN VALAT / EFE

Irune Lasa -

2018ko azaroak 14

Jaka Horien mugimenduak larunbat honetarako antolatutako mobilizazioen bezperatan, Frantziako Gobernuak ibilgailuak eta berokuntza sistemak berritzeko 500 milioi euroko plan bat onartuko du,  Edouard Philippe lehen ministroak gaur azaldu duenez. Philippek erregaien zergen igoerak ez direla baliogabetuko esan du, ez jada indarrean dauden igoerak ezta datorren urte hasieran indarrean ezarriko diren berriak ere. Lehen ministroaren arabera, "atzerriko energia garesti eta kutsatzaile baten mende dauden frantziarrak" eta gobernuak "neurri ugariren bidez" frantziarren kezkei erantzuteko "irteera plan bat" ekarri du.

Larunbatean hainbat errepide blokatzeko asmoa duten Jaka Horientzako hitzak ere izan ditu lehen ministroak: "Frantsesei esaten diet, jakina, badutela manifestaziorako eskubidea, baina arduraz jokatu behar dute eta legea errespetatu". Herritarren segurtasunagatik kezkatuta agertu da Philippe eta esan du manifestazio legeak protestak aurretik deklaratzera behartzen duela.

Neurriak

Asko kutsatzen duen automobil zaharra txatarretara bota eta berria erosteko laguntzak 2.000 eurotatik 4.000 eurotara igoko ditu gobernuak bere plan berrian. Laguntza hori baliabide gutxiko herritarrek jasotzen dute (frantziarren %20). Laguntza handiago horiekin bost urtetan errepideetatik milioi bat auto zahar kendu nahi dituzte —orain arte helburua milioi erdi ibilgailuko zen—.

Joan-etorri luzeak egiten dituzten ibilgailuentzako zerga abantailak zilindro txikiagoko ibilgailuentzako ere zabaltzea litzateke beste neurri bat. Horrek, lehen ministroaren ustetan, herritar askori egin diezaioke mesede.

Auto gidarientzako neurriez gain, etxeetako berokuntzen inguruko neurriak ere iragartzen ditu Frantziako Gobernuaren planak. Hala, energia txekea deiturikoa 50 euro inguru handituko da, batez beste 150 eurotik 200era, eta hura jasotzeko baldintzak aldatu egingo dira, 5,6 milioi lagunetara iritsi dadin —gaur egun 3,6 milioi herritar dira onuradunak—. Berokuntza sistemen berritzea bultzatzeko neurriak ere badaude, tartean fuel-oliozko berogailu eta galdarak ordezkatzeko kostuaren herena hartuko lukeen saria.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna