HILBERRIA

Xalbador Garmendia hizkuntzalaria hil da

1968ko Arantzazuko biltzarrean euskara batuaren deklinabideari buruzko txostena aurkeztu zuen. Hainbat hedabidetan aritu zen euskara zuzentzaile gisa.

Maier Ugartemendia / Ataria

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko azaroak 14

Euskara batua sortzeko kongresuaren 50. urteurrena igaro berritan hil da Xalbador Garmendia (Zaldibia, Gipuzkoa, 1932). Arantzazuko biltzarrean bost txosten aurkeztu zituzten euskara batuaren oinarri gisara —nagusia, Koldo Mitxelenarena—, eta horietako bat idatzi zuen Garmendiak: deklinabideari zegokiona.

Ordurako euskal kulturgintzan bete-betean zebilen; besteak beste, antzerkiaren esparruan eta dantzaren arloan —Tolosako Udaberri dantza taldearen sortzaileetakoa izan zen—. Itzulpen arloan ere nabarmendu da, hainbat obra klasiko itzuli baititu euskarara: Alber Camusen Les Justes (Gizon zuzenak, 1967), Antoine de Saint-Exuperyren Le Petit Prince (Printze txikia, 1970) eta Gabriel Gracia Marquezen Crónica de una muerte anunciada (Heriotza iragarritako baten kronika, 1982), adibidez.

Euskara zuzentzaile ere aritu zen hainbat hedabidetan; besteak beste, Zeruko Argia-n eta Egin-en. Eusko Kontseilu Goreneko itzultzaile ere izan zen, eta Gernikako estatutuaren itzulpenean aritu zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna