Hiru hankako aulkia

 

Aitor Salaberria Oiartzabal (UEUko Natur Zientzien III. Topaketaren koordinatzailea) -

2018ko azaroak 14

Epa! Ba al da inor lerro hauek irakurtzen? Geratzen da nehor arduratuta bere inguruko gertaerez? Bada, aulki bat saltzera natorkizue. Ez nolanahikoa gainera, hiru hankako aulkia. Bai, badakit aski aulki duzuela etxean, baina ziur lau hankakoak direla eta zangoetako bat motzagoa izanez gero, balantza egiten duela. Gureak, berriz, hiru hanka ditu, naturaren inguruan aritzen diren talde motak adina, eta ezin du sekula kili-kolo egon. Horren partez, aulkiaren hanka bat motzegia bada, aulkia bera okertu egiten da, eta ea nork eraikitzen duen ganorazko deus okertutako oinarritik abiatuta.
Antzera gertatzen da naturarekin lotutako arazoekin ere. Azken hilabeteetan, ingurumen esparruko eztabaida eta erronkek prentsako lerroburuak konkistatu dituzte. Horren erakusle behinenak dira pinudien gaitza, basurdeen gainpopulazioak edo otsoaren kudeaketa plana. Hala ere, iruditzen zait auzi horiek ebazterakoan, ez dela behar adinako oreka lortu aipatutako hiru kolektiboen artean. Batzuetan, kudeatzaileek zientziak lortutako jakintzarekiko ezikusitik jokatzen dute. Beste hainbatetan, aldiz, emaitza akademikoak egia absolutuen pare hartzen dira eta bizkarra ematen zaie herritarren kultura eta ezinegonei. Alta, nekez finkatuko dira etorkizuna eraikitzeko oinarriak, baldin eta kolektiboen arteko ezinbesteko elkarlanetik ez bada.
Horixe bera jarriko dugu praktikan, Gasteizen, Natur Zientzien III. Topaketan. 2013an eta 2015ean izan ziren lehen bi edizioak, eta helburu nagusi zuten naturzale euskaldunen bilgune izan eta zientzia euskaraz gizarteratzea. Komunitate horri erronka gehigarria bota diogu aurten, elkar ezagutzetik elkarrekin aritzera salto egitea, hain zuzen. Horretarako, gaurkotasun handiko gaiak hartu eta hiru ikuspuntuetatik jorratuko ditugu, nork bere alorretik ingurumenaren kontserbaziorako, babeserako edo hobekuntzarako egindako ekintza positiboen berri emateko.
Metodologia berritzaile horri tiraka, hizpide izango dugu ehizaren kudeaketa, solasean ariko baitira ehizaren aldeko zein aurkako herri mugimenduko kideak, ikerlariak eta kudeatzaileak. Horrez gain, lehen sektoreko erronkak landuko ditugu eztabaida saioetan. Parada ederra emango digu nekazari ekologikoen, arrantza sektoreko ikerlarien eta basogintzako kudeatzaileen larruetan jartzeko, baita jarduera horien eragina ingurunean aztertzeko ere. Gainera, ingurumen hezkuntza, kobazuloen itxiera eta ibaien osasunari lotutako espezie mehatxatuen inguruan ere ariko gara topaketako hitzaldi sortetan. Esandako gai guzti-guztietan, hiru ikuspuntuak azaltzeko, esparru bakoitzeko hizlari bana edukiko dugu eta ez du huts egingo partaideen ekarpenekin osatutako poster saioak. Topaketa biribiltzeko, berriz, Salburuara egingo dugu irteera. Hezegunean, bisoien berreskurapenerako ekintzak ikusteaz gain, ingurumen hezkuntzan egindako proiektuetan sakontzeko tartea edukiko dugu lagunartean.
Salburuara bisita ez da gero hiri hori topaketaren erdigune hartzeko arrazoi bakarra, Gasteizera mugitzea ez baita izan kasualitate hutsa. Aldaketarekin, Arabako euskalgintzari aitortu nahi diogu orain arte egindako lana, eta gure txikitasunetik, tresna bat gehiago euren esku jarri. Ingurumen zientzietako gradua, Murgiako basozaintza eskola, Neiker eta lehen sektore indartsua Arabako ezaugarri direnez, Araban ingurumenarekin harremana duten pertsonek elkar ezagutzea bultzatu nahi dugu. Bestela esanda, naturzaleen arteko sareak sortzeko akuilu izan, praktikan jartzen ekosistema horrek ere euskaraz funtziona dezakeela.
Horrenbestez, merke samar salduko dizuet aulkia. Gasteizen azaroaren 17 eta 18an egingo den Natur Zientzien III. Topaketan izena eman besterik ez duzue egin behar (www.nztopaketa.eus). Arrunt ariketa bereziaren partaide egingo zaituztegu. Euskal nartuzaleen sareko hari. Komunitateak ematen duen indarretik, hiru zangoak maila berean jartzen saiatuko gara, uste baitugu horrela soilik presta daitekeela aulki egonkorra. Ongi sustraitutako oinarria, gainean eraiki ahal izateko etorkizuneko gizarte jasangarria. Nahiz eta errotiko filosofia aldaketa eskatzen duen, asteburu batez egoera irauliko dugu. Lehendabiziko aldiz elkarlanean jarriko ditugu zientzialari, kudeatzaile eta herritar naturzaleak. Apustu zeharo berritzailea. Modu eraikitzailean elkar elikatzea helburu.  Sinbiosian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna