Erabakitzeko eskubidea

"Fronte demokratiko batean askatasun guztiak defendatzera" deitu du Torrak

Catalunya: burujabetza, demokrazia, askatasuna izeneko hitzaldia eman du Torrak gaur, Donostiako Kursaal jauregiko auditoriumean, Gure Esku Dago-k antolatuta. Euskal herritarrak eta katalanak elkarlanean aritzeko eskatu du, eta igandeko galdeketetan parte hartzeko deia egin du, botopaper bat eskuan hartuta. Agirre lehendakariaren hitzak irauliz amaitu du: "Gu beti Euskadirekin. Gora Euskadi askatuta".

Kursaaleko ekitaldia.
Kursaaleko ekitaldia. Gure Esku Dago

Berria -

2018ko azaroak 14

"Arratsalde on, hasteko, eskerrak eman nahi ditut hitzaldi hau emateko aukera emateagatik. Ohorea da hemen egotea", esanez hasi da Torra, euskaraz. Kataluniako preso politikoen aldeko txaloak eskatu ditu Torrak. Zutik jarriz erantzun du aretoko jendeak, "askatasuna" oihuekin. Bateragune auziko bosten aldeko elkartasuna ere agertu du: "Orain baieztatu dugu lehen genekiena", esan du: "Ez dizkizuete itzuliko kartzelan emandako urteak, baina askatasuna beti izango da erresistitzen dutenentzat eta injustiziaren kontra altxatzen direnentzat".

David Fernandez kazetari eta CUPeko parlamentari ohia aipatuz, ondorengoa ere esan du Torrak: "Ez badago independentziarako bide demokratikorik, demokraziarako bide independentista egin beharko dugu".

Bertan dira, besteak beste, EAJko Joseba Egibar eta Markel Olano eta EH Bilduko Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte. Independentzia oihu artean hartu dute Torra aretora sartzean.

Gure Esku Dago-k urteotan egindako bidea nabarmendu du Kaltzadak: "Bide oparo horrek ekarri gaitu hona". Oiarbidek esan du, "lelo bat" baino, "jarrera bat" dela Gure Esku Dago-rena: "Konturatu ginen sentsibilitate ezberdinetako jendeak elkarrekin lan egin genezakeela, eta gainera beharra genuela elkarrekin lan egiteko".

Ez da edozein unetan etorriko Torra Euskal Herrira. Aste horretan bertan, azaroren 18an, hainbat galdeketa egingo dituzte; besteak beste, Donostian —hiriburu batean egingo den lehenengoa izango da—.

Goizean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin bildu da Torra. "Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatu eta bost hilabetera, presoak eta erbesteratuak izaten jarraitzen dugu, eta jarraitzen dugu autodeterminazio eskubidearen ariketan pauso bat ere aurreratu gabe", esan du, besteak beste. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegirekin ere egin du bilkura arratsaldean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna