Bakea eta bizikidetza

Herenegun programak "ulertu ezina, mina eta haserrea" eragin dizkio Egiari Zor fundazioari

Estatu indarkerien biktimak biltzen dituen fundazioaren ustez, Eusko Jaurlaritzaren unitate didaktikoak ez ditu bete aurrez ezarritako helburuak. Dokumentua "berehala erretiratzeko" eskatu dute, berri bat idazteko.

Muguruza eta Blanco Egiari Zor fundazioaren agerraldian, gaur, Bilbon.
Muguruza eta Blanco Egiari Zor fundazioaren agerraldian, gaur, Bilbon. Marisol Ramirez/Foku

Berria -

2018ko azaroak 14

"Sakoneko ulertu ezina. Ulertu ezina, mina, haserrea eta sumina". Hitz horiekin azaldu dute Ane Mugruzak eta Encarni Blancok Eusko Jaurlaritzaren Herenegun programak eragin dien sentipena, gaur Bilbon egindako agerraldian. Egiari Zor fundazioko bozeramaileen hitzetan, dokumentuaren "ustezko helburuekin" bat datozen arren, "egindako lanak ez die erantzun aurrez ezarritako helburuei". Azaldu dutenez, "ia modu esklusiboan, ETAren biolentziak eragindako tragediaren analisi kritikoa" egiten du programak, baina "modu guztiz azalekoan" jasotzen ditu bestelakoak; "aurretik jada existitzen ziren bestelako biolentzia batzuk, edo garaikideak izan ziren batzuk: estatuak praktikara eramandakoak".

Indarkeria horiek guztiek "larritasun berbera" duten heinean, "maila berean aitortuak, kontatuak eta gaitzetsiak" izan behar dute, Muguruzak eta Blancok esan dutenez. "Ezin dugu babestu gure errealitatea alde batera uzten duen eta gure biktimazioaren arduraduna ukatzen duen unitate didaktiko bat".

Terminoak eta parte hartzea

Adibide batzuk ere eman dituzte Muguruzak eta Blancok. Ez zaie gustatu, esaterako, botere nagusikeria ez-legitimoa edo erantzun terrorismoa bezalako terminoak erabiltzea estatu indarkeria aipatzeko. "Poliziaren inpotentzia aipatzen da estatu terrorismoa praktikatu zuten taldeen sorrera, torturaren erabilera edo bestelako giza eskubideen urraketak justifikatzeko". Gainera, salatu dutenez, dokumentuak "sinplifikatu" egiten ditu frankismoa, "trantsizioa deritzona" eta torturak Euskal Herrian izandako dimentsioa, besteak beste.

Hala, dokumentua "berehala erretiratzeko" eskatu dute, eta berri bat idazten hasteko, "biolentzia guztiak" aintzat hartuta. "Uste dugu nahitaezkoa dela, eztabaida eta hausnarketarako nahikoa tarte utzita, Euskal Herriko instituzio eta eragile sozialon parte hartzea bermatzea, bizi izan duguna eta sufritu duguna kontatzeko aukera izan dezagun".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna