Bertsolaritza

Aitor Sarasua hil da

Urte askoan erasan dion gaitz baten ondorioz hil da, Itsasun (Lapurdi). Hamaika eratan jardun zuen bertsozale mugimenduan. Larunbatean ehortziko dute, 11:00etan, Itsasuko elizan.

Aitor Sarasua, 2014ko argazki batean.
Aitor Sarasua, 2014ko argazki batean. Bob Edme

Hodei Iruretagoiena - Mikel P. Ansa -

2018ko azaroak 15

Aretxabaletan (Gipuzkoa) jaio zen Aitor Sarasua Maritxalar, 1967an, eta txikitatik hasi zen bertsolaritzari lotutako lanetan. Hamaika modutan bultzatu izan du bertsozale mugimendua; oholtza gainean kantuz aurrena, 1990eko hamarkadaren bukaera arte, eta azken urte luzeetan oholtzapeko lanetan batez ere; besteak beste, Bertsozale Elkartean aritu da, Ipar Euskal Herriko elkartea bultzatzen eta Bertsozale Elkartean ere bai.

Sei senidetatik hirugarrena zen Aitor Sarasua. 7 urterekin hasi zen bertsotan ikasten, lehen bertso eskoletako batean, Almen ikastolako taldearekin —aitzindari izan zen ikastola hori bertso eskolen sorreran—. 20 urte inguru zituela, Arrasateko AED bertso eskolako lagunarteak eutsi zion bere bertsozaletasun eta gaitasunari. Jon anaiarekin ere ez zen gutxitan aritu plazan kantari. Sariketa ugari irabazi zituen, eta, 1995ean, Fauna txiki bat bertso berritan (Elkar) bertsoen diskoa kaleratu zuen, Jon anaiarekin.

1990eko hamarkada bukaeratik aurrera, itzaleko lanetan aritu izan da: gai jartzaile, antolatzaile, eta epaile ere bai Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketetan eta Iparraldeko gaztetxoen txapelketetan.

Lapurdira bizitzera joan ondotik, bertso irakasle ere aritu zen urte askoan. Azkeneko urteetan, batez ere, Iparraldeko Bertsularien Lagunak elkartean egin du lan, baita Bertsozale Elkarteko eragiletzan ere. Ipar Euskal Herrian, bertsoari arnasa berria eman zion belaunaldiaren parte izan zen, eta bertsolaritzaren erreferentzia nagusietako bat izan da.

Bertsolaritzari "ekarpen izugarriak" egin dizkiola gogoratu du Iñaki Muruak, "nola Iparraldean, hala Hegoaldean". Bertsozale Elkarteko presidente izan zen garaian, Sarasuarekin elkarlan estuan aritzea egokitu zitzaion Muruari, eta horrela gogoratzen du: "Pertsona alaia zen, adar jotzailea, ironia finekoa... Oso argia". Bertsolaritzari eman dion guztia ekarri du gogora, eta bere lanerako eta harremanetarako gaitasuna goratu du.

Bertsoa familian bizitu izan zuen Sarasuak, ez anaiarekin soilik, eta familian bertan ere bertsoa transmititu du: Maddi Sarasua bertsolariaren aita zen Aitor.

"Bukaera oso kontzientea izan du, oso hunkigarria", zehaztu du Muruak. Gaitzarekin urte luzez bizitu bazen ere, sentitua izan da Sarasuaren heriotza bertso familiaren barruan. Gorpuari etxean egingo diote beila, Itsasun, eta bertan ehortziko dute, larunbatean, 11:00etan.

BERRIAk 2014an egin zion elkarrizketa bat Sarasuari, Xilaba txapelketaren inguruan. "Ez dugu nahi Xilabari 'Iparraldeko Txapelketa' deitzea", zioen orduan. Familia euskaldun eta euskalzale batean sortua zen, eta amaieraraino eutsi zion kezka horri: "Euskal Herri osoaren ikuspegia lortzen da [txapelketarekin], bai hemengo jendearentzat, bai Hegoaldeko jendearentzat".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna