Sexu abusuak

11 urteko kartzela zigorra ezarri diote 'Gaztelueta kasuko' auzipetuari

Sexu abusuak egin zizkion gaztearengana ezingo du hurbildu hamabost urtean; 11 urteko inhabiltazioa ere ezarri diote

Epaiketako une bat. /
Epaiketako une bat. / Marisol Ramirez/Foku

Erredakzioa -

2018ko azaroak 15

Leioako (Bizkaia) Gaztelueta ikastetxean sexu abusuak salatu zituen gaztearen testigantza aintzat hartuta, 11 urteko kartzela zigorra ezarri diote auzipetuta zegoen irakasleari. Gaur goizean eman du epaia Bizkaiko Epaitegiak. Helegitea jar daiteke epai honen kontra. Opus Dei-rena da ikastetxea eta familiak usu salatu ditu kasua ikertzeko eragozpen asko jarri dituel. Epaiaren lehen balorazio oso ona egin du familiaren abokatu Leticia de la Hozek: "Oso pozik gaude".

Epaiketa bukaerako ondorioetan fiskalak esan zuen sexu abusuak egon zirela, baina iruditzen zaio epaiketan ez zirela frogatu. Horregatik, hiru urteko zigor eskaerari eutsi zion, sexu eraso jarraituaren delitu batengatik. Hala ere, ohartarazi zuen gaur egun indarrean dagoen Espainiako Zigor Kodearekin hogei hilabeteko zigorra litzatekeela delitu horri dagokiona. Ez zuen larrigarririk gehitu: ez nagusitasuna, ez konfiantza. Uste du sexu abusu delituaren parte direla beti.

Fiskalak auzitan ipini zituen sexu eraso larrienak. Gazteak lehen eguneko deklarazioan kontatu zuen behin masturbatzera behartu zuela akusatuak, eta beste behin zerbait sartu ziola uzkitik. Lehen salaketan eta deklarazioetan ez zuen eman eraso horien berririk. Fiskalak uste du horrek “sinesgarritasuna” kentzen diola kontakizunari.

Gaztearen familiaren abokatuak hamar urteko eskaera egin zuen; larrigarriak onartuz gero, hamalaukoa. Defentsaren abokatuak, berriz, absoluzioa eskatu zuen, iruditzen zaiolako “zalantza sortzen duten elementu asko” egon zirela epaiketan.

2008tik 2010era bitartean Gaztelueta ikastetxean sexu abusuak egin izana leporatuta epaitu zuten irakaslea joan den urrian. Ikasleak deklaratu zuenean, auzitegiko presidenteak zehaztasun handiagoak emateko eskatu zion. Salatu zuten akusatua bera baino gehiago biktima epaitu zutela galdera batzuekin.

Gurasoei abusuen berri eman zienetik gaztea artatu zuten psikiatrek ez zuten zalantzarik agertu: erabateko sinesgarritasuna zuen kontakizunak. Auzitegiko perituek ere kontakizuna sexu abusu kasu batekin “bateragarri” zela esan zuten. Defentsak eroandako perituek, berriz, ez zuten gezurretan ari zenik esan, baina iradoki zuten “bere buruak asmatutako” istorio bat izan zitekeela.