AEBetako mugara heltzen hasiak dira migratzaileak

AEBetako gobernuak segurtasun neurriak gogortu ditu eta 5.600 militar jarri ditu muga zaintzen, baina horrek ez ditu migratzaileak geldiarazi. Bertatik bertara eman du egoeraren berri Kristina Berasain kazetariak.

Kristina Berasain Tristan - Arantxa Elizegi Egilegor
2018ko azaroaren 15a
07:11
Entzun

Milaka kilometroko bidea: Tapachulatik Tijuanara, errepidez, 3.923 kilometroko tartea. Beroa eta hotza. Gosea, bakardadea, beldurra. Negarra eta kemena. Horiek guztiak igarota eta gaindituta heldu dira 800 migratzaile inguru Mexiko eta AEBen arteko mugan dagoen Tijuana hirira. Helmugatik banatzen dituen hesia igarotzea geratzen zaie oraindik, hala ere, eta hori orain arte egin duten bidea bera bezain zaila, edo zailagoa izango da.

Helburu horrekin, sarrera zailtzekoarekin, indartu dituzte AEBek mugako segurtasun neurriak. Dondal Trumpen exekutiboak 5.600 militar jarri ditu Tijuana eta San Diego arteko mugara, eta horretaz gain San Diegorako sarbide diren errepideetatik hainbat itxi egin dituzte, "segurtasun arrazoiak" argudiatuta. Hala ere, 23 errail daude zabalik San Ysidron eta 12 Otay Mesan —horiek dira San Diegorako sarbide nagusiak—.

Hondurastik irtendako karabanako lehen kideak bart heldu ziren Tijuanara, eta heldu bezain laster hasi dira hesia igarotzeko ahaleginak ere. Horietako bat da Henry Salinas. Beste aldean militarrak zain izan arren hesi gainera igo da Salinas, Mexiko aldean lagunak oihuka eta lagundu nahiean ari diren bitartean.

Bihar helduko dira, hala ere, karabanako kide gehienak. 2.000 inguru espero dituzte. Haien zain geratuko dira iritsi direnetako gehienak, denen artean zer eta nola egin erabaki, eta AEBetako agintarientzat zailago izan dadin guztiak kanporatzea.

Beste asko bidean geratu dira. Lapurretak, bortxaketak eta desagertzeak bideko harriak bezain ugariak dira. Urtero 70.000 baino gehiago desagertzen direla diote gobernuz kanpoko erakundeek.

[youtube]https://youtu.be/dBVGQAokmEM[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.