Lurrama

Abiatu da aurtengo Lurrama, "laborantza elikatzaile baten alde"

Gaur goizean ireki ditu ateak Miarritzeko Irati erakustazokak hiru egunez Lurrama azokarentzat. Aurten 13. aldia du laborantza herrikoiaren azokak eta LPB Laborantza Politika Bateratua izango du hizpide.

Iazko Lurrama azokako irudia. /
Iazko Lurrama azokako irudia. / Bob Edme

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko azaroak 16

Gaur goizean ireki ditu ateak Miarritzeko Irati erakustazokak hiru egunez Lurrama azokarentzat. Aurten 13. aldia du laborantza herrikoiaren azokak eta LPB Laborantza Politika Bateratua izango du hizpide eta hortik aurtengo leloa "Laborantza elikatzaile baten alde!". Aurtengo ohorezko gomitak Poitou Charentes Frantziako mendebaldeko eskualdeko laborariak dira.

Goizeko hamaiketan ofizialki inauguratu badute ere, lehenagotik hasi da mugimendua erakustazokan hitzaldi, tailer, azoka, ostatu eta beste hainbat animazioekin.

Haur eta gazteek protagonismo berezia izan dute gaur goizean. Urtero bezala hainbat ikastetxetatik etorritako ikasleek aretoa bete dute, animaliak eta erakustaldiak dauden aretoa, batik bat. Bertan ikusi ahal dute gurina eta gasna nola egiten diren, ardiei ilea nola mozten den, artzain txakurren lana zein den... Galderak egiteko aukera ere izan dute.

Igandera bitarte izango da zer dastatua, zer ikusia eta zer ikasia Lurraman. Laguntzaileek paper garrantzitsua dute egun hauetan gainera. 900 laguntzaile inguru ariko dira egun hauetan, baina iganderako jendea falta dela nabarmendu du Patxi Iriart laguntzaileen arduradunak, "30 bat lagun bederen". Norbaitek lagundu nahi badu, beraz, Lurramaren webgunearen bidez izena ematen ahalko du.

Ohar bat ere egin dute antolatzaileek. Izan ere, biharko gasolinaren prezioaren gorakadaren gaiarengatik mobilizazio bat deitu dute eta Baiona-Angelu-Biarritz inguruko bideak blokeatu nahi dituzte. Antolatzaileek jakinarazi dute Lurramako programa ez dutela aldatuko eta bidean arazoak baldin badira, beste bide batzuk hartzeko gomendatu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna