Argentina

Urtebete itsasoan desagertuta

Argentinako armadaren ARA San Juan itsaspekoa aurkitu dute Ozeano Atlantikoaren hegoaldean. Argentinako Gobernuak adierazi du ez duela baliabiderik hura urpetik ateratzeko.

'ARA San Juan' itsaspekoa, iazko argazki batean.
'ARA San Juan' itsaspekoa, iazko argazki batean. Argentinako amada / EFE

Berria -

2018ko azaroak 18

2017ko azaroaren 13an atera zen ARA San Juan itsaspekoa Argentina hegoaldeko Ushuaia hiritik, iparralderantz, Mar de Platara iristeko. 44 marinel zihoazen barruan. Bi egun geroago, arazo mekaniko baten berri eman zuen, eta armadaren itsaspekoen buruzagitzak Mar de Platara joateko agindu zion. Ez zen ezer gehiago jakin, atzo gauera arte.

Ocean Infinity AEBetako enpresak jakinarazi zuen itsaspean 907 metroko sakoneran aurkitu zuela ontzia, kostatik 500 kilometrotara. Iazko abenduaren 1ean Defentsa Ministerioak adierazi zuen inor bizirik aurkitzeko aukerak agortu zirela, eta handik hiru egunera armadak esan zuen "agian" ez zela inoiz jakingo zer gertatu zen.

Argentinako Gobernuak duela bi hilabete eman zion Ocean Infinityri bilaketa lanak egiteko ardura. ARA San Juan-ek azken deia egin zuen eremu berean aurkitu du, duela urtebeteko erreskate lanak egin zituzten lekuan. "Ontzi horiek guztiak toki horretan zentratu ziren, ez zegoelako zalantzarik", adierazi du gaur Oscar Aguad Defentsa ministroak, Buenos Airesen egin duen prentsaurrekoan. "Ontzi horiek denak pasatu ziren, eta ezin izan zuten atzeman". Jose Luis Villan armadako komandanteak, berriz, berretsi du itsaspekoak barne leherketa bat jasan zuela.

Ateratzeko lanak

Ontzia aurkitu duten arren, orain ez dago argi zer gertatuko den. Aguadek esan duenez, lehenik eta behin istripua ikertzen ari den epaileak baimendu behar du itsaspekoa ateratzea. Ondoren, "arazo teknikoa" dago: "Esanen nuke ezetz, ez daukagula [urpetik ateratzeko] baliabiderik". Defentsa ministroak esan du Argentinako Estatuak ez zituela ezta itsas hondoraino jaisteko baliabideak.

Mauricio Macri presidenteak dolu egun nazionala dekretatuko du.

2003az geroztik itsaspeko batek jasan duen istripurik handiena da ARA San Juan-ena. 2003ko maiatzean 70 marinel hil ziren Changshan uharteetatik gertu izandako istripuan, Itsaso Horian. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna