Erabakitzeko eskubidea
EAJk "autokritika" eskatu dio Gure Esku Dago-ri
Igandeko galdeketen emaitzak direla eta, EAJren EBBk esan du ez direla "ez espero genituenak, ez nahi genituenak". Dena den, "errespetua" agertu diete herri galdeketak antolatzeko lanean aritu diren milaka herritarrei.

Donostian, Irunen (Gipuzkoa), Balmasedan, Zallan eta Alonsotegin (Bizkaia) igandean egindako herri galdeketetako emaitzak "hobetzeko modukoak" direla eta, "hausnarketa autokritikoa" eskatu dio EAJren Euzkadi Buru Batzarrak Gure Esku Dago mugimenduari. Gaur Vocento taldeko hedabideek dakartenez, EAJk "balioa ematen dio" milaka boluntariok egindako lanari, eta "errespetua" agertu die. Hala ere, emaitzak ez dira izan "espero eta nahi" zituztenak.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, mezu bera eman du Koldo Mediavilla EBBko kide eta EAJren Politika Instituzionaleko buruak: "Gure Esku Dago-ri eskatzen diogu autokritika egiteko oraingo dinamikaren inguruan. Garrantzitsua da %13k parte hartzea, baina gure ikuspegitik, ez gaitu asetzen erabakitzeko eskubidea eta herrialdearen etorkizuna bezalako gai pasionalez ari garenean".
28.704 lagunek hartu zuten parte igandeko bost galdeketetan (%12,46), eta, horiek orain artekoei batuta, 218.248 herritar dira 2014az geroztik Euskal Herriko 209 herritan estatus politikoari edo erabakitzeko eskubideari buruzko herri galdeketetan parte hartu dutenak. EAJk ere babesa agertu zien galdeketei, eta kide esanguratsuak ere agertu ziren botoa ematera. Esaterako, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria.
Ahal Dugu-k, PSEk eta PPk ere gutxietsi zituzten bozketen emaitzak. Ernesto Gasco Donostiako alkateorde eta PSE-EEko alkategaiak, esaterako, Goiari egin zizkion kritikak, "berme eskaseko" kontsulta batean parte hartzeagatik: "Herritarrek lezio bat eman zuten, eta argi erakutsi zuten beren kezken artean ez dituztela zatiketa eragiten duten kontsultak".
"1978ko Espainiako Konstituzioa onartzeko erreferendumean Donostiako biztanleen %28,4k eman zuten baiezkoa. Zilegitasun hori du Espainiako Konstituzioak Donostian. Loteslea ez balitz, zenbateko parte hartzea izango luke galdeketa horrek?", erantzun du Angel Oiarbidek parte hartze datuei buruzko kritikez galdetuta, BERRIAk egindako elkarrizketan. "Lur hori, eztabaida hori, nahiko lehor egon da orain arte, eta orain ongarritzen ari gara. Seinale ona da horretan ari garenok igandean halako poza izatea".