Autogintza

Ghosn Renaulteko buruzagitzatik kendu nahi du Frantziako Gobernuak

"Ez dago Renault-Nissan-Mitsubishi taldea gidatzeko moduan", ziurtatu du Bruno Le Maire Ekonomia ministroak. Autogilearen buruzagitza gaur biltzekoa da.

Hiroto Saikawa, Nissan konpainiako zuzendari nagusia. CHRISTOPHER JUE, EFE.
Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 20a
11:55
Entzun

Le Mairek zehaztu duenez, oraingoz ez dute ofizialki Ghosnen dimisiorik eskatuko, Frantzian ez baitiote deliturik leporatzen. Azaldu duenez, Ghosnen Frantziako diru kontuak aztertu dituzte, baina ez dute irregulartasunik aurkitu. "Ez dugu frogarik, eta zuzenbide estatu batean gaude". 

Nissanen, berriz, auto konpainiak berak abiatutako ikerketak ekarri zuen atzo Ghosnen atxiloketa. Enpresak irregulartasunak eta «jardunbide okerrak» sumatu zizkion presidenteari, eta hura ikertzen hasi zen. Besteak beste, azken bost urteetan, irabazien aitorpenean 38,7 milioi euro ezkutatu izana egotzi diote.

Frantziako Estatua Renaulten akzioen %15en jabe da, eta horregatik ziurtatu du Le Mairek gobernuaren ardura dela auto konpainiaren "egonkortasuna" bermatzea. Iragarri du autogileko buruzagiekin bilduko dela eta Ghosn behin-behinean ordezkatzea eskatuko diola.

Batasuna, kolokan

Renaulten eta Nissanen aliantzaren arkitekto nagusia izan da Ghosn, eta hura da oraindik bien arteko batasunaren presidente eta kontseilari ordezkaria. Analista batzuek iradoki dute Ghosn gabe arriskuan legokeela Frantziako autogilearen eta Japoniakoaren arteko batasuna, baina beste batzuek gogorarazi dute bi konpainiek kostu asko aurrezten dituztela eskutik joanda, eta bien intereserako dela loturari eustea. 2016an, aliantzan sartu zen Mitsubishi, hura larri zebilenean Nissanek laguntza eman baitzion konpainiaren %34 erosita. Batasunari eutsiko baliote ere, ez da baztertzekoa haren egituran aldaketak izatea. Izan ere, Renaultek botere handia du erabakiguneetan —Nissanen akzioen %43 ditu; Nissanek, berriz, Renaulten %15—, nahiz eta azken urteetan Nissan bihurtu den errentagarriena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.