Osakidetzako oposaketen auzia

Osakidetzako zuzendari nagusi ohia lekuko gisa deklaratzera deitu du Fiskaltzak

Azken lan eskaintza publikoarekin lotuta ELA sindikatuak jarritako salaketari buruz galdetuko diote Maria Jesus Mujikari. Guztira, 19 dira, sindikatuen iritziz, susmopean dauden espezialitatetako hautaprobak.

Maria Jesus Mujika, Osakidetzako zuzendari nagusi ohia. FOKU
arantxa elizegi egilegor
2018ko azaroaren 21a
07:29
Entzun

Joan den azaroaren 15ean eman zuen dimisioa Maria Jesus Mujikak, ordura arte Osakidetzako zuzendari nagusia izan zenak. Osakidetzaren azken lan eskaintza publikoaren aurka aurkeztutako salaketen ondotik etorri zen haren erabakia. Ordea, auzia ez da amaitu kargu-uztearekin. Fiskaltzak ohar bidez jakinarazi duenez, lekuko gisa deklaratu beharko du Mujikak ELA sindikatuak 2016-2017ko lan eskaintza publikoaren inguruan jarritako salaketaren auzian. 

Deklarazioa noiz egingo den zehaztu ez duten arren, bai Osasun Sailak eta baita Osakidetzak ere "elkarlanerako borondatea" agertu dute, Fiskaltzarekiko eta Arartekoarekiko, instituzio horiek "behar duten edozertarako".

ELArentzat Mujika deklaratzera deitu izanak argi uzten du badaudela zantzuak esateko irregulartasunak egon zirela: "Honek, erantzukizun politikoak onartzea dakar berarekin.  Orain arte ez da halakorik egin, gertatutakoaren arduradun nagusia Jon Darpon Osasun sailburua baita, eta haren kudeaketa publikoki babestu du lehendakariak". Horiek hala, Darpon beraren dimisioa eskatu di sindikatuak beste behin.

Ekainean heldu zen epaitegietara Osakidetzako oposizioetako iruzurraren gaia. Ikerketa hasi zuen orduan EAEko fiskal nagusiak, Carmen Adanek. ELA sindikatuak igorri zion salaketa idazki bat, eta informazioa bidali zioten ESK-k eta LABek ere. Guztira, 19 espezialitatetan egin zituzten salaketak sindikatuek.

Eztabaida baretu nahian Osakidetzako profesionalak aukeratzeko sistema berrikusi egingo duela iragarri zu Osasun Sailak; Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren egituraketa aldatzea, eta kontratazioan espezializatutako unitatea sortzea ere proposatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.