Finantzak

Nafarroako Parlamentuak banku publiko bat sortzeko eskatu dio gobernuari

Laukoaren aldeko botoak jaso ditu proposamenak, eta aurkakoa eman dute UPNk, PSNk eta PPk.

Uxue Barkos, Manu Ayerdi eta Miguel Laparra, atzo, parlamentuan.
Uxue Barkos, Manu Ayerdi eta Miguel Laparra, atzo, parlamentuan. Iñigo Uriz/Foku

Iker Aranburu -

2018ko azaroak 23

Laukoaren ustez, borondate politikoa behar da. Ezkerrak ekarri du eztabaida osoko bilkurara, mozio baten bidez. "Lehentasunezko helburu gisa" hartzen da banku publiko bat berreskuratzea, behin Nafarroako Kutxaren kontrol publikoaren galera geroztik. "Haren desagerpenak hutsune bat utzi zuen Nafarroako garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzeko", dio testuak.

Kutxaren desagerpenaren itzala handia da oraindik ere, eta legealdi honetan laukoak hainbat urrats egin ditu, banku publikoaren aukera aztertzeko. Rafael Lara eta Fernando de la Hucha adituek  banku publikoa sortzeko aukera juridikoak aztertu zituzten. Mozioaren arabera, "juridikoki egitea posible da", eta aurrera egiteko falta den osagaia "borondate politikoa da".

Bi iturri: Caixabank edo Bankia

Zein dirurekin egingo litzateke? Mozioaren arabera, Nafarroako Gobernuaren menpeko CAN Fundazioak egun Caixabanken duen %1eko partaidetza "ondare garrantzitsua" da, ehunka milioi euro ditu arlo publikoak eskura banku publikoa sortzeko. "Horren ondorioz, etorkizunean ondare publiko hori erabil dezakete banku publikoa abian jartzeko".

Halaber, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak in voce zuzenketa bat aurkeztu dute, baina ez da aurrera atera. Bertan, kapitalizatzeko beste aukera bat aurreikusten zen. Izan ere, "Hitzarmen Ekonomikoaren irizpideak beteaz", Bankiaren erreskaterako erabilitako 22.000 milioi euroen %1,6 erreklamatzen da; hots, bere gain ez dituen eskumenen truke Espainiari Nafarroak ordaintzen dion ekarpena kalkulatzeko ehunekoa, BPGaren araberakoa. Hala, Nafarroari 355 milioi egokitzen zaizkiola deritzote. Hala ere, zuzenketa hori ez da aurrera atera, Geroa Bai abstenitu egin delako, eta UPNk, PSNk eta PPk aurka bozkatuko dutelako.

 "Interes orokorreko banka"

Marisa de Simon talde horretako ordezkariaren arabera, beharrezkoa da "interes orokorraren aldeko banku" bat eratzea. Haren helburua izango litzateke "gizartearen beharrei erantzutea; maileguak behar dituzten enpresa txikien, ertainen eta autonomoen beharrei erantzutea; etxe bat izateko mailegua behar duten familien beharrei erantzutea". Simonek gaineratu duenez, banku publikoaren bidez amaiera eman nahi diote "langile klasea odolusten jarraitzen duen bankuen oligopolioari". "Teknikoki egin daiteke, juridikoki ere bai, eta borondate politikoa behar da".

Laukoa babesten duten beste hiru alderdiek mozioaren alde egin dute, nahiz eta Geroa Baiko Jokin Castiellak argi samar utzi duen badituela zalantza batzuk. "Egoera aztertu beharra da, zer urrats egin behar diren; zer onartzen duen legediak, eta zer errealitateak. Agian, ez da motxila gehiegi bete behar merezi ez duen bidaia egiteko, baina prest gaude bidaia hasteko; uste dugu badagoela egitura egin ahal izateko".

Babes garbiagoa eman diote, berriz, EH Bilduk eta Podemos-Orain Bai taldeetako ordezkariek. "Funtsezko tresna", iruditu zaio Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentariari, eta gobernuari eskatu dio CANek galdutako fitxa bankarioa berreskuratzeko (bankua izateko baimena), Madrilgo gobernuarekin negoziatuta. Laura Perezek, berriz, uste du banku publikoaren bidez funtzionatu beharko lukeela Nafarroako sektore publiko osoak.

Oposizioak aho batez eman du botoa proposamenaren aurka. Inora ez dela joango ziurtatu du Carlos Garcia Adanero UPNko ordezkariak: "Argi dago legealdia amaitzen ari dela gai hori ekartzea Geroa Bai estu hartzeko modu bat dela. Pentsatzen dut Geroa Baik aldeko botoa eman duela baloia urrunago bidaltzeko, eta bost hilabeteko legealdia geratzen denez, ez duela askorako denbora emango".

Guzman Garmendiak (PSN) ere ez du uste mozioak ezer ekarriko duenik —"Gobernuak paso egiten du Ezkerraz"—, baina ziurtatu du ez dagoela banku publiko baten aurka. Hori bai, nahiago du "maila nazionalean" egitea, eta horregatik eskatu du "Madrilgo gobernuari lan egiten uzteko".

Ohikoa duen hizkerarekin arbuiatu du proposamena Ana Beltran PPko parlamentarioak. "Alderdi komunisten helburua beti izan da ekinaldi pribatua itotzea. Banku publikoaren proposamena erokeria komunista horietako bat da", eta "barregura" ematen dio.

Prozesua motel doa

CAN Nafarroako Kutxaren desagerpenak lurraldeko ekonomiari finantza tresna garrantzitsu bat kendu ziolakoan, laukoak banku publiko bat sortzeko aukera aztertuko zuela hitzartu zuen gobernua programan. Ez du, ordea, urrats handirik egin. Txosten bat egiteko agindua egin zuen Manu Aierdi lehendakariordeak 2016ko abuztuan, eta Analistas Financieros Internacionales enpresak irabazi zuen ikerketa egiteko lehiaketa. Gobernuak, baina, lehiaketa hutsik uztea erabaki zuen, "zarata mediatiko" handia sortu zelako jakin zenean AFIk eskuz esku hartu zuela parte CANen kudeaketan.

Ondoren, Uxue Barkosen gobernuak iritzi bilketa bat hasi zuen Nafarroako eragile sozial eta ekonomikoen artean banku publiko bat sortzeko beharraz, baina iritzi oso desberdinak jaso zituen.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna