Lan mundua

Cabelte-Incasako langileak greban daude, 24 kaleratzea salatu asmoz

"Deslokalizazio kasu argi bat" dela salatu du ELAk, multinazionalak lan zama beste lantegi batzuetara desbideratu nahi duelako

Cabelte-Incasako langileak, gaur, parlamentu aurrean. @ELANAFARROA
joxerra senar
2018ko azaroaren 26a
13:44
Entzun

Iragan azaroaren 5ean, ezuste desatsegina jaso zuen Cabelte-Incasako langileen batzordeak. Eguesko lantokian, egun, 81 langilek egiten dute lan, eta horietatik 24 kaleratzeko lan erregulazioko espedientea aurkeztuko zuela jakinarazi zien zuzendaritzak.

Albistearen jakin eta berehala, langileek grebara deitu zuten, eta hainbat egunez lan egiteari utzi diote. Zehazki, azaroaren 5ean, 14ean, 21ean eta gaur greba egin dute, eta, gainera, asteon, astezkenean zein ostegunean, eta datorren astean abenduaren 4 eta 5ean greba egingo dute ere bai.

Egoera salatu asmoz, gaur Parlamentu aurrean elkarretaratu dira. ELAk bost kide ditu langileen batzordean, eta prentsa ohar bidez jakinarazi du iragan asteartean Izaskun Goñi Nafarroako Gobernuko Ekonomia Politikako zuzendariarekin batzartu zirela.

Argindar kableak ekoizten dituzte fabrikan, eta, ELAren arabera,  lana Portugalera eramaten ari dira: "Argi dago deslokalizazio-prozesu baten aitzinean gaudela, eta Nafarroan langileak kaleratzearen kontura egin nahi dutela". 1999an erosi zuen Incasa Cabelte talde portugaldarrak. Portugalgo enpresen egoera txarra dela-eta, taldeak moldaketa egin zuen duela bozpasei urte. "2012an harturiko erabaki haiek Eguesko lantegiaren etorkizuna baldintzatu dute", dio ELAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.