Arrantza

490.000 tona antxoa gazte antzeman ditu Juvena kanpainak

AZTIk egiten duen biomasaren neurketak aurreikusi du 2019ko antxoaren kanpaina ona izango dela.

xabier martin
2018ko azaroaren 28a
12:38
Entzun

Bizkaiko Golkoan 490.000 tona antxoa gazte daudela ondorioztatu du Juvena 2018 kanpaina zientifikoak. AZTIren lanaren arabera, urtebetik beherako antxoaren biomasa hori kanpainaren batez besteko historikotik gora dago, eta, beraz, kopuru onak dira 2019ko antxoaren kanpainari begira. Emma Bardán eta Ramon Magalef ontzietan egin du neurketa AZTIk aurreko irailean.

Ultrasoinu igorpenen bidez 400 metroko sakonera aztertzea lortzen dute zientzialariek, eta jasotako oihartzunaren arabera, antxoa gaztearen biomasaren aurreikuspena 490.000 tonakoa izan da Bizkaiko Golkoan. Horrez gain, arrantza zehatzak egin dituzte itsasoaren eremu desberdinetan urtebete baino gazteagoa den antxoaren neurria jakiteko. 6,3 zentimetro luze da antxoa batez beste; plataforma kontinentaletik kanpora eta barrura aurkitu dituzte. Datu horiek guztiek oinarria jarri dute aurreikusteko 2019ko kanpainaren harrapaketak "ertainak edo handiak" izango direla.

Edonola ere, aurreko urteetako neurketekin alderatuta behera egin du nabarmen antzemandako antxoaren kopurua Juvena 2018 kanpainan. Izan ere, iaz gehieneko historikoetan zegoen espezie hori: 725.000 tona.

Arrantza jasangarria

Antxoa gaztearen kopurua ezagutzeak ahalbidetzen du kalkulatzea zenbat antxoa iritsiko diren heldutasunera datorren udaran. Orduan izaten da antxoaren kostera, urteko kanpaina garrantzitsuena arrantzaleentzat, hegaluzearekin batera. Antxoaren kanpainaren gorabeherek 3.500 langileri eragiten diete zuzenean Bizkaian eta Gipuzkoan, bai arrantza sektorean, baita kontserba eta elikagaien industrian ere.

Horregatik, biomasa neurtzea oinarrizkoa da arrantza jasangarria izan dadin. Antxoaren arrantza debekaturik egon zen lau urtez arrain gutxiegi antzeman zelako, izan ere. 2006tik 2010era euskal arrantzaleek ez zuten antxoarik harrapatu, baina azken ordutik harrapaketa onak egon dira Bizkaiko golkoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.