Kontu ekonomikoak

Industriaren geldialdiak hazkunde erritmoa moteldu du, EAEn

Enpleguak bilakaera onarekin jarraitzen du, %2 hazi baita hirugarren hiruhilekoan.

Zerbitzuen arloaren hazkudea moteldu egin da hirugarren hiruhilekoan. MONIKA DEL VALLE, FOKU
Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 29a
11:25
Entzun

2018ko hirugarren hiruhilekoan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG %2,6 gehitu da aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, Eustaten datuen arabera. 2018ko bigarren hiruhilekoaren aldean, hazkundea %0,5ekoa izan da. Urrian aurreratutako datuak berretsi ditu, beraz, eta baieztatu hazkunde erritmoa moteltzen ari dela. 2018ko bigarren hiruhilekoan %2,9koa baitzen hazkundea.

Industriaren ekarpen txikiagoak azaltzen du hazkundearen apaltzea. Hazkunde oso sendoko urteen ondoren (%4,2 2016an, eta %3,2 2017an), erorketa handia izan du udako hilabeteetan, %3,1etik %1,9ra, hain zuzen ere. Are gehiago, hiruhileko arteko tasan ez da igoerarik izan. Hori gertatzen den bigarren hiruhilekoa da.

Moteldu egin da zerbitzuen hazkunde erritmoa ere, baina askoz erritmo motelagoan: %3,1 lehen hiruhilekoan, %2,8 bigarrenean eta %2,7 hirugarrenean. Zerbitzuen barruan, administrazio publikoaren arloa da ahulena (%2,1), indartsuago baitaude merkataritza eta ostalaritza (%2,5) eta gainerako zerbitzuak (%3,2). Azken arlo horretan biltzen ditu Eustatek jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak, baita finantzarioak eta asegurukoak ere.

Bilakaera hobea erakusten du azken hamarkadako sektore ahulenak, eraikuntzakoak, hazkunde erritmoa bizitzen ari delako: %2,7 urte hasieran, %4,1 bigarren hiruhilekoan eta %4,8 hirugarrenean. 

Lehen sektoreak, ohiko gorabeherekin jarraitzen du. Iaz baino %4,6 ekarpen txikiagoa egin dio BPGari.

Lurraldeei erreparatuz gero, urte arteko hazkunde tasa handiena Arabak eta Gipuzkoak dute (%2,8), eta txikiena, berriz, Bizkaiak (%2,4). 

Lurraldeka

Hazkundea moteldu arren, enpleguaren bilakaera sendoak jarraitzen du. Eustatek dedikazio osoko baliokidetzan neurtzen ditu, eta ziurtatu du duela urtebete baino %2 lanpostu gehiago daudela orain, eta aurreko hiruhilekoan baino %0,4 gehiago. Kasu horretan, industriaren ekarpena ez da txarra (%1,8), aurreko hiruhilekotakoari eusten diolako. Haren gainetik daude zerbitzuak (%1,9) eta eraikuntza (%1,9).

Enpleguak gora egin du hiru lurraldeetan: Araban %2,2 hazi da, Gipuzkoan %2,1 eta Bizkaian %1,8.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.