Ukraina

16 eta 60 urte arteko gizonezko errusiarrek ezin izango dute Ukrainan sartu

Itsaso Beltzean pasa den asteburuan bi herrialdeen artean sortutako gatazka militarra dela eta, Errusiak Ukraina barruan "armada pribatuak" eratzea saihestu nahi du Kievek.

Ukrainako Poliziako agenteak, astelehenean Parlamentuaren eraikinaren aurrean.
Ukrainako Poliziako agenteak, astelehenean Parlamentuaren eraikinaren aurrean. Sergey Dolzhenko / Efe

Igor Susaeta -

2018ko azaroak 30

Herenegun sartu zen indarrean salbuespen egoera Ukrainan —30 egun iraungo du—, eta marko horren barruan hartutako neurrietako bat da. Horren harira, Ukrainak atzo erabaki zuen atzerritarrei Krimeako penintsularako sarbidea blokeatzea.

Pasa den igandean bi herrialdeen arteko tentsioa areagotu zen. Errusiako armadak Ukrainakoaren hiru itsasontzi militar atzeman zituen Azoveko itsasoan, eta Errusiako muga "legez kanpo gurutzatzea" egotzi die Moskuk 24 soldadu ukrainarri. Behin-behineko kartzelaldian daude, epaituak izan zain. Mendebaldeko herrialdeek askatu ditzatela eskatu diote Kremlinari, baina Vladimir Putin Errusiako presidenteak ez du horretarako asmorik. Hain zuzen, arrazoi hori aipatu du Donald Trump AEBetako presidenteak, gaurtik igandera bitartean Buenos Airesen egiten ari diren G20 taldekoen goi bileran Putinekin ez batzartzeko.

"Segurtasuna bermatzearren", Itsaso Beltzera ontzi militar gehiago bidaltzeko eskatu zion NATOri, atzo, Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak.

"Muga postuetan kontrolak areagotu dira, eta atzerritarren sarrera mugatu dugu; lehenik eta behin, 16-60 urte arteko gizonezko errusiarrena", adierazi du Ukrainako Muga Zerbitzuen buruak. Kievek aurreikusi du, ordea, baimenak ematea, "arrazoi humanitarioak" tartean daudenean.

Moskuk adierazi du, bere aldetik, ez duela neurri horri erantzuteko intentziorik. "Erokeri bat litzateke", adierazi du Maria Zajarova Atzerri Ministerioaren bozeramaileak.

Kremlinak jakinarazi du, bestetik, preso dauzkan 24 soldadu ukrainarrak Simferopoletik Moskura lekualdatu dituztela.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna