Espainia

Eskuin muturra indartsu sartu da Andaluziako parlamentuan

Hamabi diputatu eskuratu ditu Voxek, 26 Alderdi Popularrak eta 21 Ciudadanosek. Aldiz, azken urteetako emaitzarik kaskarrena lortu dute sozialistek, eta hamalau eserleku galdu dituzte. PP eta Ciudadanos prest agertu dira Voxen botoekin gobernua osatzeko. Protestak egin dituzte astelehen iluntzean hiriburuetan, "faxismoaren" aurka.

Voxeko jarraitzaileak emaitzak ospatzen. /
Voxeko jarraitzaileak emaitzak ospatzen. / Rafa Alcaide/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko abenduak 3

Elkarretaratze bat-batekoak bezala hasi direnak manifestazio bihurtu dira Andaluziako probintzia hiriburuetan, Espainian. Sevillan, Granadan eta Malagan egin dituzte manifestazio handiena. Sevillan mila lagun baino gehiago elkartu dira, eta Granadan 4.000 eta 5.000 artean; Malagan ehunka batzuk elkartu dira. Parlamentuaren aurrean astearte arratsaldean berriro biltzeko deia egin dute. Talde antifaxistak eta ikasleak bildu dira protesta horietan, batez ere.

Izan ere, eskuinak irabazi ditu hauteskundeak orain arte PSOEren gotorleku izan den Andaluziako Legebiltzarrean. Porrota kolpe gogorra izan da Andaluziako sozialisten buru Susana Diazentzat. Izan ere, bozak eurek irabazi badituzte ere —33 diputatu izango dituzte—, eskuineko hiru alderdien aliantza erraz nagusituko litzateke parlamentuan.

Bozetan, Alderdi Popularra izan da bigarren indarra 26 diputaturekin, eta Ciudadanos hirugarrena 21ekin. Hala ere, zer esana eman duena Vox izan da, hamabi diputatu bereganatu dituelako. Hala, sozialistek gobernua osatzeari uko egin ez badiote ere, PPk eta Ciudadanosek jada iragarri dituzte erkidegoko presidentetzarako hautagaitzak. "Aldaketaren unea" heldu dela ohartarazi du Juanma Moreno popularrak.

"Aldaketa" aipatu du Andaluziako Voxeko buru Francisco Serranok ere, eta iragarri du eurak izango direla "errekonkistarako giltza". Garaipen handia izan da honako hau alderdiarentzat; izan ere, lehen aldiz lortu du ordezkaritza Espainiako instituzioetan. "Europaraino helduko gara, baina behetik hasita", iragarri du bart alderdiko militante batek.

Nazioarteraino heldu da eskuin muturraren garaipena. Frantziako Batasun Nazionala alderdiko buru Marine le Pen izan da Santiago Abascalen taldea zoriontzen lehena. Twitterreko bere kontua baliatu du horretarako.

Pozik Voxeko jarraitzaileak ere. Espainiako ereserkiak, eta Legioaren aldeko oihuak izan dira nagusi hauteskundeetako emaitzak ospatzeko egindako ekitaldian, igande gauean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna