Sexu abusuak

Gazteluetako auzian esku hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Abusuak salatu dituen gaztearen gurasoek bere jarrera argitu dezala eskatu diote Opus Deiri; izan ere, haren menpekoa da Gaztelueta ikastetxea.

Gaztelueta ikastetxea, Leioa (Bizkaia). LUIS TEJIDO, EFE
2018ko abenduaren 3a
09:23
Entzun

Haron (Errioxa, Espania) egin du agerraldia abusuak salatu dituen gaztearen familiak. Gaztelueta ikastetxeko zuzendaritzak zigortutako irakaslearen auzian izandako jarrera salatu dute, eta Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren epaia ez errespetatzea egotzi diete. "Jakin nahi genuke Gazteluetako buruak Opus Deiren babesa ote duen. Izan ere, ulertzen dugu datozen egunetan inolako komunikaturik kaleratzen ez badute harekin bat datozelako dela".

Familiak gogorarazi du epaiak aho batez frogatutzat ematen duela abusuak gertatu zirela, eta ohartarazi du inork "arazorik badu" ikastetxeak eta ikastetxeko zuzendariak dutela. "[Imanol] Goiarrolak ikastetxea ordezkatzen du, eta, ikastetxeko irakasle bati 11 urteko kartzela zigorra jarri ostean, ongiaren eta gaizkiaren gainetik jarri da, eta sustatu beharko lituzkeen balioak hondoratu ditu", gaitzetsi du familiak.

Horiek hala, auzian esku hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari, eta bertan behera uzteko ikastetxeak itunpekoa izateagatik jaso ditzakeen laguntzak. "Gazteluetak muga guztiak gainditu ditu, ez bakarrik biktimari eraso eginez, baita pederasta bat defendatuz ere, aurrez Txile, Irlanda, Australia, Polonia eta AEBetako Elizan gertatu bezala".

Abusuak salatu dituen gaztearen gurasoek ez dute baztertzen ikastetxea auzitara eramatea, ikastetxeko zuzendaritzak egindako adierazpenak direla eta. "Gazteluetak erakutsi du ez duela justizian sinesten, ez egian, eta, are gutxiago, askatasunean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.