'Bizitzea ez al da oso arriskutsua?' plazaratu du Joseba Sarrionandiak

'Habanako gaukaria' darama azpititulutzat, eta horrek jasotzen du lanaren mamia: idatzi laburrez osatutako saiakera da, Habanako gauetan idatzitako eguneroko bat.

Joseba Sarrionandia idazlea Habanako unibertsitatean. JOSE GOITIA
itziar ugarte irizar
2018ko abenduaren 3a
17:55
Entzun

Jose Angel Irigarai Pamielako editoreak, Joxemari Iturralde idazleak, Ander Lipus aktoreak eta Dana Moya abeslariak aurkeztu dute Sarrionandiaren lan berria, gaur goizean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. 1985ean kartzelan idatzitako Ni ez naiz hemengoa-ren gisako lantzat aurkeztu dute. Orduan bezala, "nondik idazten duen, zertaz, norat eta zeren inguruan ari den irakurtzen" erakutsi du egileak lan berrian. "Gogoeta mamitsuak, gaurkoak, atenporalak, betikoak... denetarik; gurekin, besteekin eta bere buruarekin zerikusia dutenak", aurreratu du Irigaraik.

Liburua hobeto ulertzeko, "arku bat" irudikatzeko eskatu du Iturraldek, bi zutaberen gainean jarritako arku bat. Zutabetako bat liburu aurkeztu berria litzateke, eta bestea, hain justu, Ni ez naiz hemengoa saiakera. "Arku batek zirkunferentzia erdia osatzen du, beste erdia falta zaio zirkulu osoa betetzeko. Orain imajinatu arku horren azpitik denbora pasatu dela, eta Joseba Sarrionandia ere pasatzen ari dela", azaldu du. Sarrionandiak "erdi hutsik dagoen artefaktu literariotzat" jo du lana hitzaurrean. "Alegia, testu honen hutsune eta koskek irakurle aktibo bat eskatzen dute. Erdia egina dago, beste erdia falta da", osatu du Iturraldek.

Galdera bat eraman du izenburura Sarrionandiak, eta azken urteetan halaxe ari dela ohartarazi du Iturraldek: Moroak gara behelaino artean? 2010ean, Hilda dago poesia? 2016an eta Bizitzea ez al da oso arriskutsua? orain. "Garai batean ez zituen galderak egiten, segurtasun osoz ipintzen zizkien izenak bere liburuei: Izuen gordelekuetan barrena, Ni ez naiz hemengoa, Ez gara gure baitakoak, Kolosala izango da... "Agian horrek esan nahiko du Joseba Sarrionandia ere aurrera doala denboran barrena, adineko pertsonak beti izan direlako gazteak baino zuhurragoak. Esan nahiko du, halaber, lehen aipatutako arku hori gurutzatzen ari dela".

Lipusek eta Moyak liburuko hainbat pasarte irakurri eta kantu gutxi batzuk abestu dituzte aurkezpenean, baita idazlearekin izandako bizipen batzuk kontatu ere. Hona irakurritako pasarte bat, Gertatzen dena: "Denoi gertatzen zaigu, ez? Momentu batera arte etorkizunean bizi gara. Momentu horretatik aurrera, derrepentean, igual konturatu gabe, iraganean hasten gara bizitzen".

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.