Langabezia

Urtebetean 9.000 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herrian

Zerbitzuen bultzadari esker, azken hilabetean 1.079 langabe gutxiago zenbatu ditu SEPEk.

Nafarroako Enplegu Zerbizua.
Nafarroako Enplegu Zerbizua. Iñigo Uriz/Foku

Jon Fernandez -

2018ko abenduak 4

Hego Euskal Herrian 154.514 langabe zenbatu zituen joan den azaroan SEPEk, Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak. Iazko azaroan baino 9.000 langabe gutxiago dira, eta aurreko hilabetean baino 1.079 gutxiago. Beraz, langabezia tasa %11,6 da Hegoaldean.

Zerbitzuen sektoreko kontratazioen igoerak eragin du, nagusiki, azken hilabetean langabezia jaistea; izan ere, sektore horretan joan den urrian baino 804 pertsona gutxiago zeuden langabezian azaroan. Kontuan izatekoa da azaroan ugaritu egin ohi direla kontratazioak, Gabonetarako kontsumo igoerari erantzuteko.

Urte arteko bilakaeran, Nafarroan jaitsi da gehien langabezia, %6,26 hain zuzen ere: joan den azaroan, 33.015 langabe zeuden, aurreko hilabetean baino %0,49 gutxiago. Bizkaian, %5,61 egin du behera langabeziak iazko azarotik aurtengora bitartean: 69.566 langabe daude, urrian baino %0,83 gutxiago. Gipuzkoan, bestalde, %5,29 jaitsi da langabe kopurua urtebetean: 32.038 langabe daude, urrian baino %0,69 gutxiago. Azkenik, Araban, %4,20 jaitsi da langabezia urtebetean: 19.895 langabe zeuden azaroan, aurreko hilabetean baino %0,66 gutxiago.

Nabarmentzekoa da langabe gehienek, hamarretik seik, ez dutela jasotzen inolako langabezia saririk.

Bestalde, Gizarte Segurantzan 1.243.281 langile ari dira kotizatzen Hego Euskal Herrian. Urritik azarora bitartean 777 kotizatzaile irabazi ditu sistemak, eta, iazko azaroarekin alderatuta, 26.175 kotizatzaile gehiago ari dira ekarpena egiten Gizarte Segurantzan.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna