Euskaraldia

"Aurreikuspen guztiak gainditu ditu Euskaraldiak"

Hizkuntza ohiturak astintzeko 11 eguneko ariketa amaitu berritan, oso balorazio ona egin dute sustatzaileek: "Inor gutxik espero zuen onarpena eta jarraipena izan du". Ohartarazi dute hasiera soilik izan dela aurtengoa. "Bide luzea dugu oraindik egiteko, baina lehen bultzada honekin, frogatu da bideari ekin diezaiokegula".

Euskaraldia baloratzeko agerraldia.
Euskaraldia baloratzeko agerraldia. Andoni Canellada/Foku

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko abenduak 4

Egun bereziak izan dira azaroaren 23az geroztikoak. Euskaraldia izan da martxan, 11 eguneko ariketa soziala, hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duena, euskararen erabilera handitzea. Jendetza handia bildu du: 220.000 lagun baino gehiago, azken datuen arabera. Ariketa bera berritasuna izan da, eta antolatzeko modua ere bai: eskuz esku aritu dira Euskal Herri osoko erakundeak eta euskalgintzako eragileak. Aldaketa handia da.

Argazki esanguratsua izan zen duela urtebete Bilbon egindakoa: instituzioetako eta euskalgintzako eragileetako ordezkariak, elkarrekin, Euskaraldia aurkezten. Argazki horren parekoa egin dute gaur Donostian, Euskaraldia amaitu eta biharamunean: lankidetza irudikatzeko argazkia.

Erakundeen aldetik, agerraldian izan dira Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria, eta EEP Euskararen Erakunde Publikoko eta Euskal Elkargoko arduradunak. Euskalgintzako hainbat eragile ere batu dira: Topagunea, AEK, Bai Euskarari ziurtagiria, Soziolinguistika Klusterra...

Oso balorazio ona egin dute 11 eguneko ariketaz. “Euskaraldia ariketa sozial masiboa izan da, gizartean eragin nabarmena izan duen esperimentu handia”. 

11 eguneko ariketa izan da Euskaraldia, eta hona balorazioa, 11 gakotan:

1. Masiboa. Nabarmendu dute “aurreikuspen guztiak” gainditu dituela. “Ez dugu horrelako pareko ariketarik ezagutzen”. Hala ere, kopuruari baino gehiago, eraginari erreparatu diote: “Inor gutxik espero zuen onarpen eta jarraipen maila izan du, eta parte hartzaileetatik harago izan du eragina”. 

2. Hasiera. Lehen Euskaraldia izan da aurtengoa. “Bidearen hasiera”, antolatzaileen esanetan. “Epe ertain edo luzeago batean askoz sakonagoa eta zabalagoa izango den aldaketa bat bultzatzeko lehen urratsa izan da”.

3. Aldaketa. Jendetza handia biltzea ez, benetako aldaketak lortzea dute helburu; horregatik, ohartarazi dute epe luzera begiratu behar dela: “Bide luzea dugu oraindik egiteko, baina lehen bultzada honekin, frogatu da bideari ekin diezaiokegula”.

4. Neurketa. Jasotako lekukotasunen arabera, sumatu dute aldaketak egin dituztela parte hartzaileek. “Herritar askok klika egin du: gogoeta eta portaera aldaketa eragin duen klik bikoitza”. Klika, hori izango du lelo datorren urteko Korrikak.

5. Inertziak. Erdara jotzeko joera iraultzea da helburua, eta, lehen urrats gisa, joera horien “kontziente” izatea. “Ahobizi eta belarriprestrolak geratzeko etorri dira; portaera horiek ibilbide luzea izango dute”.

6. Ulermena. Euskararen ulermenari balioa ematea izan da Euskaraldiaren zutabeetako bat: euskara ulertzen dutenek ere ekarpena egitea erabilerari. “Agerian geratu da ulermenak ateak zabaltzen dituela”. Txapa bidez hori ikusgarri egin izana ere nabarmendu dute: “Euskaraz egiteko aukera gehiago aurkitzea eta portaera proaktiboak zabaltzea ekarri du”.

7. Bizipenak. Ariketa soziala izan da Euskaraldia, baina pertsonala ere bai. Esperientzia berria izan da milaka euskal herritarrentzat. “Horietako asko lorpen eta bizipen positiboak izan dira, baina zailtasunak ere egon dira tartean”. Antolatzaileen esanetan, “denbora eta ahalegina” behar da horiek aldatzeko.

8. Elkarlana. Goraipatu dute antolakuntza lanetan milaka lagun aritu direla, eta elkarlanean jardun direla gizarte eragileak eta instituzioak. “Hizkuntzaren normalizazioan bide erakusle izan daiteke”.

9. Euskalgintza. Euskaraldiak ilusio handia eragin du euskalgintzan, herriz herriko elkarteetan. Indartze hori baliatu nahi dute: “Hurrengo urteetan jarraipena izatea erronka da”.

10. Entitateak. Ehunka entitatek babestu dute Euskaraldia, eta beren kideak bultzatu dituzte parte hartzera. Aldekotasun hori neurri bihurtu nahi dute orain: “Hizkuntza portaera horiek babestuko dituzten neurri zehatzak hartzea”. Hori izango da hurrengo jomuga.

11. Etorkizuna. Euskaraldia izango da datozen urteetan ere. Horretarako bi arlotan egin nahi dute indar: batetik, ahobizi eta belarriprest rolak zabaltzen eta sakontzen; bestetik, erakundeen eta euskalgintzako eragileen lankidetza areagotzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna