Hezkuntza

Barakaldoko eskola bat itxi dute, "egiturazko gabeziak" atzeman dituztela eta

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Barakaldoko Udalak berri eman dutenez, eraikina egoera txarrean dagoela azaldu dute teknikariek. Eskola handitzeko lanetan ari ziren.

Barakaldoko Trueba institutua, artxiboko irudian.
Barakaldoko Trueba institutua, artxiboko irudian. Antonio Trueba institutua.

Berria -

2018ko abenduak 4

Barakaldoko (Bizkaia) Antonio Trueba institutuko ikasleak ezin izango dira eskola horretara itzuli. Urte hasieratik, eskola handitzeko lanetan ari ziren, baina azken orduko ezusteko bat izan dute: txosten tekniko batek azaldu du "egiturazko gabeziak" dituela eraikinak, eta hura eraistea gomendatu dute, "konponketak duen konplexutasuna nahiz instalazio aren ezaugarriak eta antzinatasuna aintzat hartuta".

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Olatz Garamendik eta Barakaldoko alkate Amaia del Campok eman dute egoeraren berri, gaur goizean egindako agerraldian. Azaldu dutenez, ikasleak lekuz aldatzea erabaki dute, "segurtasuna bermatzea helburu nagusi izanik". Bihar ez dute eskolarik izango Antonio Trueba institutuko ikasleek, eta datorren astean hasiko dira berriz Artazu Goikoa ikastetxean (Bilbo).

Behin-behineko egoera izango dela nabarmendu dute Garamendik eta Del Campok: "Hezkuntza Sailaren eta udalaren asmoa da ikasleak Barakaldora ahal bezain arinen itzultzea. Helburua da urtarrilean ikasle guztiak Minas deritzon kokatzea".

Ezusteko horren harira, iragarri dute azterketak egingo dituztela esku hartzerik izan ez duten beste eraikin zaharretan ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna