Indarkeria matxista

Auzitegi Nagusiak berretsi egin du sanferminetako erasotzaileen aurkako zigorra

Auzitegiko bost epaileetatik bik boto partikularra eman dute, haien iritziz "sexu erasoa" izan baitzen duela bi urteko sanferminetan gertatutakoa. Epaiaren aurkako helegitea jarriko dute Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak Espainiako Auzitegi Gorenean, baita biktimak ere.

Astelehen Lilak mugimenduko elkarretaratze bat. /
Astelehen Lilak mugimenduko elkarretaratze bat. / Villar Lopez/EFE

Maite Asensio Lozano -

2018ko abenduak 5

Nafarroako Auzitegi Nagusiak berretsi egin du aurrez Nafarroako Lurralde Auzitegiak hartutako epaia, eta atzera bota ditu defentsak eta akusazioak jarritako helegiteak. Ordea, bost epaileetako bik boto partikularra gehitu diote epaiari, delituen kalifikazioari erreparatuta. Bederatzi urteko zigorra ezarri zien Lurralde Auzitegiak apirilean, "sexu abusua" leporatuta; Auzitegi Nagusiko boto partikularren arabera, ordea, "sexu eraso jarraitua" egotzita, hamalau urte eta hiru hilabetera zigortu beharko liratekeela bost erasotzaileak. 

Epaitegiak, dena den, aintzat hartu du akusazioak jarritako helegiteetako bat, zehazki intimitatearen aurkako delituari buruz galdetzen duena. Izan ere, bost auzipetuetako batek grabatu egin zuen erasoa, baina absolbitu egin zuen Lurralde Auzitegiak. Hala, Auzitegi Nagusiak eskatu dio azter dezala intimitatearen aurkako erasorik egin ote zuen, "abusuei buruzko epaia" irmoa denean.

Protesta ugari eragin zituen Nafarroako Lurralde Auzitegiaren epaiak apirilean. Izan ere, lehen sententzia haren arabera, ez zen izan sexu erasorik 2016ko uztailaren 7ko gau hartan, bost gizonen artean 18 urteko emakume bat inguratu, atari bateko gelan sartu, paretaren kontra immobilizatu, sexu harremanak izatera behartu, bideoan grabatu eta telefonoa lapurtu ziotenean. "Abantailakeriazko sexu abusu jarraitua" izan zen hura. Epaimahaikideek ez zuten frogatutzat jo auzipetuek "indarkeria fisikoa, mehatxuak edota larderia" erabili zutenik. Hortaz, akusazioak eskatzen zuen gehieneko 25 urteko kartzela zigorraren tokian, bederatzina urteko espetxe zigorra, bosna urteko zaintzapeko askatasuna, eta hamabost urtez biktimarengandik urruntzeko eta harekin harremanik ez izateko agindua ezarri zien epaitegiak.

Abantailakeria ala intimidazioa

Epai hura berretsi du orain Auzitegi Nagusiak, eta bederatzi urteko zigorra ere konfirmatu du. Auzia aztertu duten bost magistratuek —bostak gizonezkoak— sinesgarritasuna eman diete biktimaren adierazpenei, eta ondorioztatu dute bost erasotzaileak emakumearen baimenik gabe aritu zirela. Baina epaiak dio frogatutako egitateetan ez dela ageri indarkeriarik eta larderiarik, "auzipetuen mehatxurik ez baitzen jaso". Hortaz, delituaren kalifikazioari bere hartan eutsi diote: sexu abusutzat jo dituzte. 

Dena den, larderiaz ebaztean, zalantza izan dute epaileek, eta beste kontzeptu bat jarri dute mahai gainean: abantailakeria. Jurisprudentziari erreparatuta erabaki dute gertaeretan abantailakeria izan zela, eta ez larderia, bien arteko muga "sotila" dela onartuta ere. Nagusitasun egoera batez baliatzeari esaten diote abantailakeria: "Unearen eta lekuaren inguruabarraz aprobetxatzea; desoreka nabari bat egotea, erabakitzeko gaitasuna mugatzen duena". Larderia dagoenean, berriz, "ez dago inolako baimentzerik, objektiboki antzeman daiteke, eta gaitz larri bat berehala sufritzeko mehatxuak edo indarrak sortua da". Epaiaren arabera, ez zen larderiarik izan, mehatxu espliziturik ez delako ageri frogatutako egitateetan.

Boto partikularra

Dena den, bi magistratu ez dira bat etorri epaiarekin, uste baitute sexu erasoa egin zutela bost akusatuek, eta ez abusua. Argudiatu dute erasotzaileek "larderia eta hertsatzea" erabili zutela, eta emakumeari "segada jarri" ziotela: "Giro jakin bat sortu zuten, biktimak balioets zezan alferrik zela aurkakotasunik agertzea, eta, hala, hertsatze fisikoko egoera bat eragin zuten, edozein pertsona helduk sentituko lukeena". Larderia hori bereziki "apalgarria" izan zela uste dute, "ekintzok nola gauzatu zituzten ikusita", eta kontuan izanda bi pertsona baino gehiago jardun zirela.  

Edonola ere, auziak Espainiako Auzitegi Gorenean jarraituko du, aldeak ez baitaude ados ebazpenarekin. Biktimaren abokatuak jakinarazi du helegitea aurkeztuko duela; asmo bera agertu du erasotzaileetako baten abokatuak.

Bost erasotzaileak kalean daude ekainetik; Nafarroako Lurralde Auzitegiak bermepean libre utzi zituen, epaia irmoa izan arte. 

Udalak eta gobernuak ere helegitea jarriko dute

Sanferminetako bortxaketari buruzko auzibidean herri akusazio gisa aritu dira Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua. Auzitegi Nagusiaren epaiarekin ez dira bat etorri, eta helegitea jarriko duela iragarri dute. "Nafarroako Gobernuak ezin du sententzia honekin bat egin", adierazi du Maria Solana bozeramaileak. "Arrakala handia dago justizia erakundeen eta gizartearen artean", erantsi du Joseba Asiron alkateak. Epaileek sexu eraso delitua aintzat hartu beharko luketela adierazi dute biek. 

Era berean, elkartasuna adierazi diote biktimari. Asiron: "Aurrez aurre esan genuen, eta orain berretsi nahi dut. Emakumea ez dago bakarrik. Haren alboan izanen ditu Iruñea eta Nafarroa osoa".

Epairik "diskriminatzaileenen" artean

Nafarroako Lurralde Auzitegiak apirilean emandako epaia munduko sententziarik "diskriminatzaileenen" artean kokatu du Women’s Link Worldwide erakundeak. Emakumeen eta nesken eskubideen aurka izandako lau epairik txarrenen artean dago —Sudanen, El Salvadorren eta Mexikon emandakoak dira beste hirurak—, "indarkeria sexualaren normalizazio mezu bat igortzen duelako". 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna