INDARKERIA MATXISTA

Iruñeko erasoari buruzko bisiten webgunea itxuraldatu dute hedabideen aurkako mezu bat gehituz

Efe albiste agentziak ustez webgunearen arduradun den batekin hitz egin du, eta, hark bisitei eusteko asmoa zuela berretsi ostean, hedabideek horretaz egin duten albisteekin osatu dute webgunea.

Webgunea itxuraldatuta, bukaerako mezuarekin. BERRIA
Ion Orzaiz.
2018ko abenduaren 5a
07:45
Entzun

Bolo-bolo ibili da sare sozialetan, eta arratsalde hasieran beste norabide bat hartu du, ezustean. Gaur goizean goiz, 2016ko sanferminetako talde bortxaketa abiapuntutzat hartuta, webgune bat sareratu da aukera iragartzen zuena Iruñeko Alde Zaharrean barna "doako bisita gidatuak" egiteko. Harridura eta haserrea piztu ditu webgune horrek, eta hainbat erreakzio eragin ditu; tartean, Iruñeko Udalarenak eta Nafarroako Gobernuarenak. 15:30 inguruan, ordea, goizeko eduki guztia kendu, hedabideetan albiste horretaz plazaratutakoarekin osatu, eta mezu bat gehitu diote: "Nazkagarria da Prendaren [erasotzaileetako bat da] tatuajearekin kalkomaniak saltzea. Klikak saltzea bezainbeste, baina hori ez da hain agerikoa".

Tour La Manada du izena webguneak, eta, itxuraldatu baino lehentxeago, euren asmoarekin jarraitzeko borondatea agertu dute antolatzaileek. Itxura guztien arabera, hedabideen jardunaz ohartarazteko ekintza bat izan da. Efe albiste agentziak ustez horietako batekin hitz egin du eguerdian, Carlos izeneko batekin; ez du abizenik eman, ezta nongoa den esan ere. Kasuaren inguruan "interes handia duten lagun batzuk" direla adierazi dio albiste agentziari, eta gaineratu euren helburua zer gertatu zen erakustea dela. "Ez dugu ikusten desberdintasunik guk egiten dugunaren eta hedabideek egiten dugunaren artean", adierazi ei dio Eferi.

Hasieratik hainbatek jarri dute zalantzan bisitaldien egitasmoa, argudiaturik txantxa bat edo beste zerbait iragartzeko kanpaina bat izan zitekeela. Hainbat erabiltzailek haserrea ere agertu dute Twitterren eta Whatsapp taldeetan. Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi du ikerketa abiatua duela, webgunea eta bisitaldi turistikoak egiazkoak diren ala ez argitzeko.

Webguneak iragartzen zuenaren arabera, abenduaren 26an egitekoak ziren hurrengo bisitaldi gidatua, Zapateria karrikatik abiatuta: "La Manada taldeko bostek euren argazkirik famatuena egin zuten tokitik, Zezen Plazaren aurrean identifikatu eta atxilotu zituzten tokiraino". Ustezko antolatzaileak jakinarazi duenez, bazegoen izena emandakorik, eta, hasieran doakoa bazen ere, kobratzea ari dira pentsatzen.

Berdintasunaren Nafarroako Institutuak salaketa bat aurkeztu du, indarkeria matxistaren aurkako logotipoa baimenik gabe erabili duelako webguneak. Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailearen arabera, emakumeen kontrako biolentzia sustatzen du webguneak, nahiz eta kontrakoa adierazten duen ikur bat erabili. Solanak gaitzetsi egin du egitasmoa, eta iragarri du gorroto delitua leporatuta Foruzaingoak bertan behera utziko duela webgune horretan jasota dagoen ekimen oro, epaile baten erabaki bat izan arte.

Iruñeko Udaleko iturriek ere BERRIAri jakinarazi diotenez, "neurriak hartuko" dituzte halakoak eragozteko. Joseba Asiron alkateak ere gaitzespena adierazi du: "Kontu nazkagarria iruditzen zaigu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.