Ekonomia

Solarpack %10eko igoerarekin sartu da burtsan

Parke fotovoltaikoak jartzen dituen enpresa hori Bilboko burtsan hasi da kotizatzen gaur, akzio bakoitzeko 8,3 euroko prezioan. Irabazi guztiak inbertsiora bideratuko dituela adierazi dute.

Solarpack

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko abenduak 5

Ondo hasi du burtsako kotizazioa Algortako (Getxo, Bizkaia) Solarpack enpresak. Parke fotovoltaikoak mundu guztian jartzen ditu, eta Bilboko burtsan sartu da gaur goizean. Burtsan kotizatzen hasteko kanpaia jo, eta akzio bakoitza 8,3 euroko balioarekin merkaturatu dute ordu horretan: bada, eguerdirako, %10eko igoera zuen enpresak. Kapitalaren %37,6 jarri du salgai, baina %39,9ra iristea ez dute baztertzen eskaera handia baldin badago.

Jose Galindez Solarpackeko presidenteak eta Pablo Burgos kontseilariordeak aurkezpenean esan dutenez, fotovoltaikoen enpresak berriro inbertituko dit datozen hiru urteetako burtsan izango dituen irabazi denak, eta akziodunak lau urteren buruan sarituko ditu.

Ekitaldi horretan bertan azaldu dutenez, enpresak 310 milioi euro inbertituko ditu 510 MW dituzten instalazioak munduko hainbat lekutan ezartzeko. Finantzaketa horren %75 kanpotik iritsiko da, eta gainerako %25a, berriz, baliabide propioetatik. Burtsara ateratzearekin lortutako 100 milioi euroak, esaterako, proiektu horretara bideratuko ditu enpresak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna