Erasoa, EHU-n

EHUk "irmo kondenatu" du ikasle batek jasandako erasoa

Ertzaintzak jakinarazi duenez, ikasle batek salatu du eraso egin ziotela burua estalitako bi lagunek. Joan den ostiralean gertatu zen, EHUren Gasteizko campusean. EHUk elkarretaratzera deitu du astelehenerako.

Gasteizko campuseko liburutegia, artxiboko irudian.
Gasteizko campuseko liburutegia, artxiboko irudian. Juanan Ruiz/Foku.

Berria -

2018ko abenduak 5

Berri agentziek zabaldu zuten albistea atzo iluntzean, Ertzaintzaren iturriak aipatuz —kasua ikertzen ari direla-eta, Ertzaintzak ez du prentsa oharrik atera—. Gaur, Vocento taldeko egunkariek xehetasun gehiago eman dituzte. Ertzaintzak BERRIAri azaldu dionez, ikasle batek egin du salaketa: joan den ostiralean, burua estalitako bi pertsonak eraso ziotela Gasteizko campusean. "Beste batzuek diote gehiago zirela. Ikertzen ari dira. Oraingoz, ez dago besterik", esan dute Ertzaintzako iturriek. Ikaslea ospitalera eraman behar izan zuten, kolpeen ondorioz.

EHUk atzo egin zuen publiko ohar labur bat. "Ikasle batek jasan zuen eraso basatiaren aurrean, Euskal Herriko Unibertsitateak eraso hori erabateko irmotasunez kondenatzen du", esan dute, erasoa jasandakoari elkartasuna adierazteaz gain. "Bortizkeriak ez du tokirik unibertsitatean, ezta hemendik kanpo ere". Gaur, Letren Fakultateak adierazpen bat atera du —hango ikaslea da salaketa jarri duena—, eta elkarretaratzera deitu du astelehenerako; 13:00ean, Letren Fakultateko sarreran. "Unibertsitateko komunitate osoari" egin diote parte hartzeko deia.

Gaur, Eusko Jaurlaritzako Iñigo Urkullu lehendakariak izan du hizpide gertakaria, foro batean. "Erabat gaitzetsi" du erasoa, eta "totalitarismo ariketa" bat izan dela gaineratu: "Bateraezina da gizarte aurreratu baten ereduarekin". Ildo beretik mintzatu dira Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere: "Gasteizen ez dago lekurik inolako indarkeriarentzat, ezta giza eskubideen urraketentzat ere". Ahal Dugu-k adierazi du ez dagoela "ez aitzakiarik, ez justifikazio posiblerik" halako zerbait egiteko.

Harago joan dira Espainiako PPko presidente Pablo Casado eta Covite elkartea. Casadok ETAren aipatu du, eta salatu, haren jarduna amaitu den arren, "askatasuna falta" dela eta "erradikalak nahi bezala" dabiltzala. Covite zehatzagoa izan da: "Ezker abertzalearen kideko ikasle taldeak" egin ditu erasoaren erantzule, "ezberdin pentsatzen dutenen aurka indarkeria eta intimidazioa" erabiltzen dutela argudiatuta. Erantsi dutenez, "erasoa jasandako ikaslea eta AEDE Espainiaren Batasunaren Aldeko Ikasle Elkarteko kideak etakideei sistematikoki egiten zaizkien omenaldiak kondenatzeko" bildu ziren erasoaren aurretik.

EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegiri ere galdetu diote kasuaz, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Adierazi du "espekulatzea" dela erasoa "arrazoi politikoekin" lotzea, eta erantsi du, dena dela, ez zaiola "ondo" iruditzen: "Espainiaren batasuna defendatzen dutenek eskubidea dute hori egiteko, betiere indarkeriarik gabe, hala egiten baitute normalean".

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna