Aurrekontuak

EH Bilduk ez du oztopatuko Jaurlaritzaren kontuek aurrera egitea, negoziatzen jarraitzeko

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrekontuen bidea ez du itxiko EH Bilduk, baina ez dute onartu Jaurlaritzaren azken proposamena. Abenduaren 21era arte negoziatzen segitzea da alderdiaren asmoa. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuaren esanetan, Jaurlaritzaren azken proposamenak koalizioaren eskariei erantzuten die.

Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena, gaur arratsaldean, EH Bilduren egoitzan.
Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena, gaur arratsaldean, EH Bilduren egoitzan. FOKU

Gorka Berasategi Otamendi-Maider Galardi F. Agirre -

2018ko abenduak 10

Jaurlaritzak egindako aurrekontua onartu ez arren, EH Bilduk bide emango dio proiektuari bihar Eusko Legebiltzarrean egingo den bozketan. "Guk bihar ez dugu biderik itxiko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrekontuak onar daitezen”, argitu du Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak, Nerea Kortajarenarekin Donostian egindako prentsaurrekoan. Negoziatzen segitzea dute asmoa, eta horretarako, abenduaren 21ra arteko epea zehaztu dute: "Oraindik garaiz gaude, abenduaren 21era arteko epea baitakua gobernuak gure eskaintza aintzat hartzeko", azaldu du Iriartek. Ondorioz, biharko bozketan, modu batera edo bestera bermatuko dute proiektuak aurrera segitzea: "Formula bat izan daiteke bi abstentzioena, baina garrantzitsuena da herritarren eskakizunak entzutea", nabarmendu dute.

Bozeramailearen arabera, "egingarria" da EH Bilduren proposamena, eta Jaurlaritza "hurbildu ere" ez da egin berearekin. "Aurreko urtean baino 700 milioi euro gehiagoko diru-sarrerak izan zituen Jaurlaritzak eta 500 milioi euro baino gehiago ditu gordeta iazko aurrekontutatik", azaldu du. Harago ere jo du: "Baldintza hauetan aurrekontuak aurrera atera gabe geratzea arduragabekeria handia litzateke". Akordiora iristeko, Jaurlaritzarekin negoziatzen segitu nahi du EH Bilduk, eta horretarako, joan den astean aurkeztutako zuzenketa partzialetan oinarrituko direla azaldu du Nerea Kortajarenak.

EH Bilduren proposamena

Izan ere, osoko zuzenketarik ez, baina 19 zuzenketa partzial aurkeztu zizkion koalizioak aurrekontu proiektuari. 233 milioiren aldaketak jaso ditu zuzenketa horietan. Besteak beste, pentsiorik apalenentzako osagarria handitzea proposatu du, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez. Neurri horrekin, gutxieneko pentsioa 732 eurotik 858ra handituko litzateke. Berme horixe bera eskatu dio, gaur ere Kortajarenak Jaurlaritzari: "Legea beteta, 858 eurotan behar luke gutxieneko pentsioak". Horretaz gain, DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta indibidualizatzeko neurriak eskatu ditu  EH Bilduk. Helburua da "kolektibo ahulenen egoera" hobetzea, eta, batik bat, menpekotasun ekonomikoa duten andreek "bizi proiektu propioa" ahalbidetzea. Diru publikoz finantzatutako programen bidez egindako kontratazioetan 1.200 euroko soldata bermatzea ere exijitu du EH Bilduko legebiltzarkideak, "kalitatezko enpleguaren aldeko apustua" egiteko.

Hiru neurri horiek dira EH Bilduk Jaurlaritzarekin negoziatu nahi dituenak, baina "marra gorriak" baino, horiek "gizartearen eskakizunak" direla azpimarratu du Iriartek. Ondorioz, "ardura" eskatu dio gobernuari: "Posizio ahulean dago, gutxiengoan eta geroz eta araz gehiagorekin. Baldintza hauetan aurrekontuak aurrera ez ateratzea porrota eta ardugabekeria handia litzateke".

Jaurlaritzaren neurriak

Azken egunetan ere "arduragabekeriaz" jokatu du Jaurlaritzak EH Bilduren ustez: "Harridura dugu Jaurlaritzak hartu duen jarreragatik. Hasieratik aritu gara diskrezioz, eta ez dugu gauza bera ikusi Jaurlaritzaren aldetik”, ohar egin du Iriartek. Izan ere, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren azken eskaintzaren berri eman du Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak gaur, Bilbon. Aurrekontuei bide ematearen truke, DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta pentsiodunentzako handitzea proposatu dio gobernuak EH Bilduri. Era horretan, pentsiorik apalenak 784 euroraino osatuko lituzke gobernuak 2019an, eta 823 euroraino 2020. urtean. Azpiazuren esanetan, neurriak 40.000 pentsioduni eragingo lieke; betiere, DSBEa jasotzeko baldintzak betetzen badituzte.

Sailburuak ziurtatu du Jaurlaritzaren eskaintzak EH Bilduk eginiko eskariei erantzuten diela, eta akordioa lortzeko itxaropentsu agertu da. Guztira, Jaurlaritzaren eskaintzak 104,08 milioi euroren aldaketak eragingo lituzte hasierako lege proposamenean, 2019an, eta beste 35,8 milioirenak 2020an. Azpiazuk azaldu duenez, EH Bilduk duela zenbait egun jaso zuen gobernuaren azken proposamena.

Eskaintza horren arabera, Jaurlaritzak %3,5 handituko du DSBE 2019an, eta beste horrenbeste 2020an. Pentsiodunen kasuan, aldiz, igoera hori handiagoa litzateke. %7 handituko litzateke 2019an eta %5 2020an.

Horrez gain, kontziliaziorako laguntzetan 2012an ezarri ziren murrizketak ezabatzea proposatu du Jaurlaritzak. Enplegu alorrari gagokionez, 32 milioi gehiago bideratuko lituzke 2019an eta beste 13 2020an. Neurri horiek helburu lukete lan mundurako sarbidea erraztea, gazteen itzulera sustatzea eta emakume eta gizonen arteko soldata arrakalari aurre egitea, besteren artean.

Eusko Legebiltzarrak bihar eztabaidatuko ditu Elkarrekin Podemosek eta PPk aurrekontu proiektuari aurkeztu dizkioten osoko zuzenketak. Eztabaidaren aurretik itxi nahi du Jaurlaritzak negoziazio prozesua.

Hasieratik, bi baldintza aurkeztu dizkio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari, aurrekontuei bide emateko: pentsio apalenak osatzea eta enplegu politikak indartzea. Horretarako, 420 milioi inguruko aldaketak proposatu zizkion Urkulluren gobernuari hasierako proposamenean —350 milioi inguru pentsioetarako eta 70 milioi enplegu politiketarako—.

Negoziazioak etengabeak izan dira azken asteetan Jaurlaritzaren eta EH Bilduren artean. Biak agertu dira baikor akordioa lortzeko aukerarekin. Hala ere, Jaurlaritza EH Bilduren eskarietatik "urrun" dagoela ohartarazi du koalizioak. Gobernuak, berriz, EH Bilduren proposamenak Jaurlaritzaren eskumenak gainditzen dituela ziurtatu du.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna