Sexu abusuak

Abade bat jardunetik apartatu du Bilboko Gotzaintzak, "portaera sexual desegokiak" egotzita

Aisialdiko heziketa saioetan ari zela izandako portaerak dira, hiru andre adindunen aurkakoak; gotzaintzak jakinaren gainean jarri du fiskaltza, eta hark ikerketa abiatu du.

Bilboko Gotzaitegiaren egoitza den Begoñako baseliza.
Bilboko Gotzaitegiaren egoitza den Begoñako baseliza. Monika del Valle/FOKU

Arantxa Iraola -

2018ko abenduak 10

Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduak eta Bilboko Gotzaintzak agiri bat plazaratu dute gaur goizean, apaiz batek izandako "portaera sexual desegokien" berri emateko. Aditzera eman dutenez, aisialdi elkarte horrek azaroaren 1ean izan zuen portaera horien berri; abadeak "aisialdiko heziketen testuinguruan" izan zituen. Hiru andre adindunek salatu dituzte abusuak.

Gotzaintzaren arabera, aisialdi mugimenduak azaroaren 26an eman zion gertakari horien berri, eta berehala erantzun zuen: hurrengo egunean, "gotzainaren dekretuz", Elizak ikerketa bat hasi zuten horretarako dituen bideen barruan, eta "zeregin eta ekintza publiko guztietatik" kendu zuten salatutako abadea. Lehengo astean, hilak 7 zituela, fiskaltzari jakinarazi zioten jazotakoaren berri. Era berean, esan du neurriak hartu dituztela biktimak laguntzeko, eta profesionalen sostengua ere eskaini dietela.

Erakunde biek plazaratu duten agirian, gogorarazi dute "askatasun sexualaren kontra" egiten diren portaera guztiak salatu behar direla. Era berean, adierazi dute prest daudela "agintari zibilekin" batera aritzeko, zer jazo den argitze aldera. Nabarmendu dute erlijioan eta heziketa arloetan lanean dabiltzan gehienek "jarrera eredugarria" dutela, eta halakoak "zuztarretik desagertzeko" prebentzio neurrien alde ari direla.