Polizia Estrasburgoko erasotzailearen bila ari da

Frantziako segurtasun indarrek erasotzailea identifikatu dute eta hura aurkitzeko 350 polizia eta jendarme mobilizatu ditu gobernuak. Poliziak haren hurbileko lau lagun atxilotu ditu. Terrorismoaren kontrako fiskalak azaldu duenez, hainbat lekukok adierazi dute "Ala handiena da" oihukatu zuela, tiroka hasi baino lehen.

Frantziako Bilaketa Brigadako kideak, Estrasburgoko erasotzailea aurkitzeko operazioan, gaur, Estrasburgoko kaleetan.
Frantziako Bilaketa Brigadako kideak, Estrasburgoko erasotzailea aurkitzeko operazioan, gaur, Estrasburgoko kaleetan. PATRICK SEEGER/EFE.

Berria -

2018ko abenduak 12

Gabonetako merkatua egiten ari dira egunotan Estrasburgon, eta azoka inguruan tiroka hasi zen erasotzaile bat, atzo, 20:00ak aldera. Hiru lagun hil eta beste 14 zauritu ostean, ihes egitea lortu zuen. Zaurituetako hiru hil ala biziko egoeran daude oraindik.

Frantziako Barne ministro Christophe Castanerrek adierazi duenez, erasotzaileak aurrekariak ditu ohiko delituengatik. Frantziako hainbat hedabideren arabera, erasotzailea atxilotzera joan zen atzo goizean Polizia haren etxera, lapurreta batekin zerikusia duelakoan, baina erasotzailea ez zuten bertan aurkitu. Parisko Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak bere gain hartu du ikerketa.

Frantziako Barne Ministerioak "segurtasunerako egoera larria" aipatu du, eta gobernuak kontrolak indartu ditu Frantziako mugetan eta Gabonetako merkatuetan. Horrez gain, etxean geratzeko agindu die Estrasburgoko herritarrei. Alain Fontaine Estrasburgoko alkateordeak ere mezu bera zabaldu du. Prefeturak dei berezia egin die Neudorf eta Parc de L'Etoile auzoetako herritarrei, etxean gera daitezen. Antza, inguru haietan ari da Polizia erasotzailearen bila.

Zenbait iturriren arabera, erasotzailea zaurituta dago. BFMTV katearen esanetan, erasotzaileak taxi batean egin zuen ihes gertaeren tokitik eta taxistak hura zaurituta zegoela adierazi dio Poliziari.

Europako Parlamentua, "itxita"

Estrasburgon du egoitza Europako Parlamentuak, eta Antonio Tajani presidenteak berri eman duenez, "itxi" egin dute, nahiz eta parlamentuko saioa egiten ari diren oraindik: "Europako Parlamentua ixteko agindua eman dut. Inork ezin du ez sartu ez atera". Izaskun Bilbao EAJko europarlamentaria han bertan harrapatu du erasoak. Ondo direla, eta egoitzak ez irteteko agindua eman dietela azaldu du.

Carlos Iturgaiz PPko europarlamentaria ere gertakarien inguruan zen, hiriaren erdialdean. Azaldu du jatetxe baten sotora eraman dituela Poliziak, bera eta beste 50en bat lagun, eta bertan itxita egoteko agindu diela.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, berriz, oposizio alderdi nagusietako ordezkariekin bildutako zegoen erasoa gertatu denean. Bilera bertan behera utzi, eta gertakariak jarraitzeko kabinetea antolatu du, Castaner Barne ministroa Estrasburgora bertara igorrita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna