EHUko ikasle bati egindako erasoagatik atxilotutako kideak ez dira unibertsitateko ikasleak

Ertzaintzak baieztatu du atxilotutako hiru kideak ez direla EHUko ikasleak, eta kirol arloko "talde erradikalekin" lotu dituzte erasotzaileak. Goizean aske gelditu da atxilotuetako bat, Ertzaintzaren zaintzapean segitzen dute beste biek.

Gasteizen atzo egindako elkarretaratzea.
Gasteizen atzo egindako elkarretaratzea. Jaizki Fontaneda/Foku

Berria -

2018ko abenduak 12

Ertzaintzak hiru lagun atxilotu zituen atzo, Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako campusean ikasle batek jasandako erasoarekin lotuta, eta gaur baieztatu dute ez direla unibertsitateko ikasleak. Hiru atxilotuetako bat aske utzi dute goizean, eta beste biek —20 eta 21 urtekoak— poliziaren esku jarraitzen dute. Atxilotuetako batek aurrekariak ditu "futbol zale erradikalen" arteko istilu batzuengatik, eta, oraingoan, lesioak egiteagatik eta gorroto delituagatik akusatuko dituzte.

EHUko ikasle batek salatu zuen azaroaren 30ean eraso egin ziotela burua estalitako bi pertsonak. Ikaslea ospitalera eraman behar izan zuten. Ebakuntza egin diote: hautsiak dauzka masailezurra eta sudurra. Ertzaintzako iturriek BERRIAri esan ziotenez, beste lekuko batzuen arabera, erasotzaile "gehiago" zeuden. EHUk "irmo" gaitzetsi zuen erasoa, eta elkarretaratzea egin zuten atzo, Letren fakultatearen kanpoaldean —hango ikaslea da erasoa salatu zuena—.

Erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten joan den astelehenean, EHUren Arabako campusean. Alderdi denak, EHU eta beste instituzio batzuk parte hartu zuten, eta berrehun bat lagun elkartu ziren.

PPren eta Coviteren kritika EHUri

PPk ere gogor kritikatu zuen erasoa, eta salatu zuen EHUren Arabako campusa "erradikalen leizea" zela. Horretaz gain, Leioako campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzietan antolatutako Kantatzen dueten herriak jardunaldiak Valtonyc eta Cesar Strawberry abeslariei "leku" egiten diela ere salatu dute PPk eta Covitek: "EHUren azpiegiturak erradikalen eta terrorismoan goratzen dutenen esku jarri dituzte".

Bideokonferentzia bidez parte hartuko du mahai inguruan Valtonyc-ek –erbestean baita, Belginak– gaur, eta bihar arituko da Cesar strawberry abeslaria. Amaia Fernandez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko idazkari nagusiak esan du "onartezina" dela unibertsitateak hitzaldi horiek "babestea": "Onartezina da terrorismoa bizi izan duen unibertsitate publikoak halako delituengatik kondenatutako jendeari autoritatea ematea beren bizipenak kontatzeko. Erradikalizazioa sustatzen dute". EHUko buruek eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak azalpenak "lehenbailehen" eman behar dituztela ere ohartarazi du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna