Lan osasuna

ELAk eta LABek Nafarroako Lan Osasun Kontseilua utzi dute

Sindikatu abertzaleen esanetan, Nafarroako Gobernuak "edukiz hustu" du kontseilua. Horrez gain, mutualitateen soberakinak patronalari, CCOOri eta UGTri bideratzea egotzi dio.

Lan istripuen kontrako manifestazioa, Iruñean, joan den irailaren 29an. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko abenduaren 12a
19:18
Entzun

Lan osasunari lotutako eskariak kalera eramango dituzte ELAk eta LABek, Nafarroako Lan Osasun Kontseiluan horiei bide emateko modurik ez dela iritzita. ELAk salatu duenez, sindikatu abertzaleek egin dituzten proposamenek ez dute erantzunik jaso gobernuaren aldetik. Horrez gain, gobernuari aurpegiratu dio mutualitateen soberankinak CCOOri, UGTri eta CENi "diru laguntzak" emateko erabiltzea.

LABek ere bat egin du kritika horrekin. Sindikatuak adierazi du gobernuak CEN, UGT eta CCOOren aldeko ziurtagiri izendunak egiteari utzi dion arren eta formaziorako funtsen kudeaketa moldatu duen arren, "antzeko prozedimendu batekin elkarlanean" jarraitzen duela, mutualitateen soberakinak UGTra, CCOOra eta CENera bideratzeko. LABen iritziz, gobernuaren jarrerak "Aierdi presidenteordearen erabaki politiko onartezin" bati erantzuten dio. Diru hori prebentziorako sistema publiko eraginkor" bat eraikitzera bideratu beharko litzatekeela gaineratu du sindikatuak, "lan istripuak eta heriotzak era izugarrian hazi diren honetan".

Mutualitateen soberakinak kudeatzeko sistemak Kontu Auzitegiaren kritikak jaso zituela gogorarazi du LABek, "bai banaketarako irizpideen anbiguotasunarengatik, baita funtsak nora bideratuko diren jasotzen dituztenek erabakitzen dutelako ere".

ELAk salatu du Nafarroako Gobernuak ez dituela aintzat hartu sindikatu abertzaleen eskariak. Aldiz, nabarmendu du 2019ko aurrekontu proiektuan 400.000 euro jaso dituela CCOOk, UGTk eta CENek kontseilutik kanpo adostutako lan osasun planetarako. "Ez dago ELA eta LABen proposamenak kontseiluan aintzat hartzeko borondaterik, baina ez dago arazorik hortik kanpo CENekin, UGTrekin eta CCOOrekin adostutakoak finantzatzeko", adierazi du.

Gobernuari eta enpresei "lan osasuna hobetzeko neurri zehatzak" proposatzen jarraituko duela gaineratu du ELAk, baina "kalean" egingo duela argitu du. LABek ere kontseiluan parte hartzeari utziko dio, sei hilabetez. Denbora tarte horretan, mobilizazioak egingo ditu kontseilua biltzen den bakoitzean, ziurtagiriak nahieran banatu direla salatzeko. Horrez gain, bilera erronda hasiko du Nafarroako Gobernua sostengatzen duten indarrekin, "Erregimenaren garaiko praktika hori ezabatu" dezatela eskatzeko.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.