Laukoak gehiengoa galduko luke, Nafarroako barometroaren arabera

Alderdiei dagokienez, UPN litzateke lehen indarra, egungo eserleku kopuru berarekin; bat gehiago izango luke Geroa Baik (hamar); eta bi gehiago PSNk (bederatzi). Oraingo diputatu kopuru bera lortuko luke EH Bilduk, baina laugarren indarra izango litzateke. Ahal Dugu-k onartu du "emaitza txarrak" direla, eta barne tirabirek kalte egin dietela.

BERRIA

Joxerra Senar - Arantxa Elizegi -

2018ko abenduak 14

Bozak bihar bertan egingo balira, Nafarroako Parlamentuan duen gehiengoa galduko luke egungo koalizio gobernuak. Hala, laukoa osatzen duten alderdietatik soilik Geroa Baik egingo luke gora, diputatu bat gehiago eskuratuz —hamar izango lituzke—.

EH Bilduk eta Ezkerrak egungo eserleku kopuruari eutsiko liokete, zortzi batak eta bi besteak. Aldiz, kolpea hartuko luke Ahal Dugu-k, zazpi eserlekutik hirura igaroko bailitzateke. Era horretan, 23 diputatu izango lituzke koalizioak —26 ditu gaur egun—.

Alderdiei dagokienez, UPNk irabaziko lituzke bozak, 15 diputatu eskuraturik. Ciudadanosek lehen aldiz lortuko luke ordezkaritza, hiru diputaturekin eta PPNren kaltetan, zeina parlamentutik kanpora geratuko litzatekeen. 

Hala ere, eta gobernuaren gaineko pertzepzioa okertu arren, Barkosen eta gobernuaren kudeaketaren balorazioak hobera egin du, eta oposizioak baino nota hobea izan du. Galdekatutakoen %38,7k nahiko lukete lauko gobernua berriz osatzea, eta, aldiz, %19,6k nahiago lukete UPN, PSN eta PPren arteko koalizioa.

Boto asmoari buruz ez ezik, egoera ekonomikoari eta politikoari buruz ere galdetu diete herritarrei. Hala, ekonomiari dagokionez hobera egin du nafarren pertzepzioak. Bestalde, galdekatuen erdiek uste dute erkidegoak baduela nahikoa autonomia. Aldiz, %35ek iritzi diote gehiago beharko lukeela, eta %8,6k, independentzia beharko lukeela.

 

 

Legebiltzarreko lehendakari Ainhoa Aznarezek aurkeztu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia Departamentuak egindako inkestaren emaitzak. "Herritarrek politikariei buruz duten iritzia argi erakusten ditu inkesta honek, eta Nafarroako egoera politikoaren argazkia ere egiten digu".

Alderdien balorazioa

UPNko Javier Esparzak hauteskundeen biharamuna balitz bezala agertu da pozarren prentsa aretoan, eta "lehen alderdia" izaten jarraitzen duela aipatzeaz gain, zuzenean mezua helarazi dio PSNri. "Laukoak ez du errepikatuko, gehiengoa galduko luke, eta orduan, kontua da gobernu nazionalista bat edo UPNren inguruan eraikitako bat eratuko ote den". Esparzak nabarmendu du herritarren %53k ez duela gobernu nazionalistarik nahi eta datu hori PSNrentzat baliagarri izan beharko lukeela deritzo.

"Apokaliksirik, bat ere ez". Geroa Baiko Koldo Martinezen arabera, barometroak argi utzi du oposizioak legeladian erabilitako mezua ez duela bat egiten herritarren pertzepzioarekin. Hala ere, bai kezkatu du, botoa ematea erabat ziur dutenen portzentajea hamar puntu behera egin duela, iragan urteko inkestarekin alderatuta. Horregatik, gogoeta egitera deitu die alderdiei. Geroa Bairi dagokionez, goranzko joera duela azaldu du, eta boto asmoan, UPNri "aurrez aurre" begiratzen diola deritzo.

EH Bilduko Adolfo Araizen irudiko, inkesta "foto finko" bat da, eta maiatzera arte, oraindik ere gauza ugari gerta daitezke. Horregatik espero du maiatzean laukoaren aldekoa izatea behin-betiko argazkia, eta, zentzu horretan,  azpimarratu du herritarren formularik gogokoena hori dela. EH Bilduri begira, barometroak islatu du Bakartxo Ruiz "hautagai hobea" dela, eta, gainera, boto emaile "fidelenak zein mobilizatuenak" dituela: euren boto-emaileen %79k ez du botoa aldatuko eta %80 bozkatzeko prest dago.

Ahal Dugu-ko Mikel Builek azpimarratu du "emaitza txarra" dela. "Parlamentuan ahotsik ez edukitzeak eta transfugismoak eragina izan du". Erronkarik handienetakoa duen alderdia dela uste du, eta euren boto-emaileak berriro mobilizatzearen alde egin du.

Alderantziz, PSNko Maria Txibiteren ustez, barometroak goranzko joera islatzen du eta alderdiari "bide onetik" doala erakusten dio. "Laukoak, berriz, gehiengoa galtzen du, irtetear dago". Halaber, zuhur mintzatu nahi izan du, eta "oinak lurrean" dituztela dio. "Inkestekin ez da hitzarmenik egiten", erantzun du, balizko aliantzez galdetu zaionean. PSOEren egoerak isla du PSNren bilakaeran, baina Txibitek ez du uste Andaluziako emaitzek eragingo diotela Nafarroan.

Barometroaren arabera, PP parlamentutik kanpo geratuko litzateke. Ez da hori iragartzen duen lehen inkesta, eta prentsaurrean, atsekaberik agertu ez badu ere, Ana Beltranek baloratu du lanean jarraituko dutela emaitza hori gerta ez dadin. UPNrekin bat egiteko aukeraz galdetuta, Beltranen ustez, Nafarroa "erkidego berezia" da eta "egoera berezien aurrean, neurri bereziak" hartu behar direla deritzo: "Batasunak indarra ematen du".

Ezkerrako Marisa de Simonen ustez, inkestak goranzko joera ematen die boto asmoan, eta hiru parlamentari lortzear egon litezke. Ahal Dugu-rekin bat egiteko aukeraz galdetuta, Marisa de Simonek argi utzi du galdera horri ez diola erantzungo. "Ez dut ezer esateko horri buruz, lanean jarraituko dugu hautagaitzarik sendoena lortu arte".

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna