Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Gozatuz gozarazi

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko dute bihar, Bilbao Arenan. Zortzi bertsolari gazte baina trebatu ariko dira nor egehiago: lau emakume eta beste horrenbeste gizon. Jon Enbeitak jantziko dio txapela irabazleari.

jarraia160509.jpg
Natalia Salazar Orbe.
2018ko abenduaren 14a
13:16
Entzun

Baso baten aniztasunaren antzera garatu da bertsolaritza Bizkaian. Berez zein lagunduta hazi den ekosistema oso baten irudiarekin islatuta aurkeztu du Maite Berriozabal gai jartzaileak. Bizirik eta mugimenduan dabilen munduarekin parekatuta. Eta beti ere, hazten, arbolen adarrek gora eta alboetara egiten duten antzera, sustraiek lurrari sendo heltzen dioten bitartean. Artez zein bihurrituta hazi diren zortzi adar berri zein helduagok baso aberats horren atal baten egoera zein den erakutsiko dute bihar, Bilbao Arena aretoan. Bizkaiko 23. Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko dute han Aitor Bizkarrak, Eneko Abasolok, Etxahun Lekuek, Jone Uriak, Miren Amurizak, Nerea Ibarzabalek, Onintza Enbeitak eta Xabat Galletebeitiak. 17:00etan abiatuko da Bizkaiko bertsolaritzaren festa. Jon Enbeitak jantziko dio txapela irabazleari.

Bertsolari gazteak baina esperientzia handikoak dira gehienak. Ione Narbaiza txapelketaren arduradunak eman ditu datuak: “Gazteenak 22 urte ditu, eta nagusienak, 42. Lauk 30 urtetik behera dituzte. Gazteak eta oso gazteak izan arren, horietako batzuk hainbat final lehiatutakoak dira. Esperientzia handia ikusiko da oholtzan”.

Lekue txapela jantzita iritsiko da finalera, duela bi urteko lehiaketako txapeldun gisa. Aitor Bizkarrak debuta egingo du Bizkaiko koplagintzaren finalean. Ibarzabalek eta Abasolok bigarrena dute, eta, gainontzekoentzat, agertokia oso ezaguna da.

Final ona aurreikusi du Narbaizak. “Pozik gaude ikusita zer nolako kanporaketak eta finalaurrekoak izan diren. Eta finala ere halakoa espero dugu: ona”. Biharkoa bertsoaren festa izatea nahi du Bertsozale Elkarteak. “Finala ondo pasatzeko eta gozatzeko leku bat da. Bertsolariek izango dute presiotxoa eta estutu beharko dute burua, baina tira. Ikusita zein zaila izan den horrenbeste bertsolariren artean lehiatuta horra heltzea, argi dago heldu direnak merituz iritsi direla”.

Guztira 87 bertsolari aritu dira aurten txapela lortzeko lehian. 78k hasi zuten ibilbidea Udaberriko fasean. Kanporaketa eta finalaurrekoetan, berriz, aurreko urteetako txapelketetako finalistak sartu dira.

Irakurri erreportaje osoa Bizkaiko Hitza-n.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.