AUTOGESTIOA

Maravillas gaztetxearen hustea "egoki" kudeatu zuela adierazi du Nafarroako Gobernuak

Solanak eta Beaumontek esan dute "gaitz handiagoak ekiditea" eta "interes orokorra babestea" izan zela gobernuaren helburua

Maravillas gaztetxearen aldeko manifestazioa, abuztuan, Iruñean.
Maravillas gaztetxearen aldeko manifestazioa, abuztuan, Iruñean. Jagoba Manterola/Foku

Ion Orzaiz -

2018ko abenduak 18

Iragan abuztuaren 17an, Iruñeko Maravillas gaztetxea husteko agindua eman zuen Nafarroako Gobernuak, baina Rozalejoko markesaren jauregiak gutxi iraun zuen hutsik: egunean bertan okupatu zuten berriz. Barne Departamentuak uko egin zion orduan eraikina bigarrenez husteari. Operazio horren inguruko azalpenak eskatu dituzte Ahal Dugu-Orain Bai eta UPN taldeek Nafarroako Legebiltzarrean.

Maria Solana bozeramailearen esanetan, gobernuaren jokabidea "egokia" izan zen egun horietan, "legearen arabera, betiere". Are: erabaki guztiak "era kolegiatuan" hartu zituztela gaineratu du: "Erabaki guztiak adostuak izan ziren, eta gobernuko inor ez zen bere kabuz aritu".

Gobernu bozeramaileak gaineratu duenez, huste prozesu osoan, gobernuaren lehentasuna izan zen "gaitz handiagoak ekiditea, interes orokorra eta herritarren nahiz ondasun publikoen segurtasuna bermatuta".

Bigarren okupazioari dagokionez, Beaumontek azaldu du "ezinezkoa" zela eraikina "modu eraginkorrean" ixtea: "Rozalejokoa eraikin zaharra da, ez dago egoera onean, eta egitura nahiz kokapena aintzat hartuta, oso zaila da erabat zigilatzea". Beaumonten arabera, Nafarroako Gobernuak uko egin zion gaztetxearen inguruan zaintza poliziala ezartzeari, "horrek ez zukeelako perimetro osoaren segurtasuna bermatuko, baliabide ugari xahutzea zekarkeelako eta inguruko pertsona nahiz ibilgailuen zirkulazioa oztopatuko zukeelako".

Solanak gaineratu du eraikinaren hustean ez zela "istilu nabarmenik" gertatu: "Ez zen zauriturik edota atxiloturik egon, eraikinean zeuden pertsonen artean, baina egia da inguruko kaleetan istiluak piztu zirela". Oro har, gobernuak "jarrera arduratsua" izan zuela ondorioztatu du bozeramaileak: "Nafarroako Gobernuak egin beharrekoa egin zuen, Nafarroako Probintzia Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren babesarekin".

UPN: "Abertzale eta antisistemekin lerratu zarete"

Nafarroako Gobernua gogor kritikatu du Sergio Sayas UPNko legebiltzarkideak. Haren irudiko, exekutiboa "bere lagun erradikal, abertzale eta antisistemen aldera lerratu da", eta "bere betekizunekiko utzikeriaz" jokatu du gaztetxearen auzian. "Polizien segurtasuna jokoan jarri duzue, epaileen lepotik trufa egin duzue eta gobernua barregarri utzi duzue, eraikinaren bigarren okupazioa baimenduz", leporatu dio Sayasek Barne kontseilariari. "UPN gobernuan balego, gaur ez legoke okuparik jauregian".

Orain Bai-k ere gobernuaren jarrera salatu du, baina kontrako motiboengatik. Laura Perez legebiltzarkidearen esanetan, gobernuaren jarrera ez zen baketsua izan: "Bortxaz eginiko hustea izan zen, gisa horretako hustutze bat bortitza baita berez; gobernuaren jarrera ez zen baketsua edo ordenatua izan, eta poliziarena are gutxiago". Gobernuari eskatu dio erretira dezala okupazioaren kontrako salaketa, "eta bila ditzala auzia konpontzeko beste aukera batzuk".

Geroa Bai-ren izenean, Unai Hualde parlamentariak salatu du okupazio bat "kudeatzeko kontu zaila" dela edozein gobernurentzat, eta hainbat alderdik "etekin politikoa" atera nahi izan dutela Maravillas gaztetxearen auzitik. Gobernuak izandako jarrera txalotu du, "ondasun publiko bat berreskuratzeko ardura izan duelako eta segurtasun publikoa bermatzeko beharra lehenetsi duelako".

EH Bilduko Adolfo Araiz, berriz, gobernuak hartutako neurriekin "desados" azaldu da: "Eraikina husteko erabakia ez zen zuzena izan, eta elkarrizketa bideak planteatu beharra zegoen. Guk sinisten dugu autogestionatutako proiektuetan eta uste dugu, kasu honetan ere, garrantzitsuena ez dela eraikina, proiektua baizik".

UPNren bide beretik, Maravillas gaztetxeko kideen kontra gogorrago aritu ez izana leporatu diote gobernuari PSNk eta PPk. PSNko Inma Juriok esan du Uxue Barkosen exekutiboak ez duela "ganorazko ezer egin" eraikina berreskuratzeko. "Arazo hau aspaldi egon zitekeen konponduta, Memoriaren Institutuaren proiektuari bidea emateko, baina gobernua da hori galarazten duena".

PPko Ana Beltranek "EH Bilduren interesen aurrean makurtu izana" egotzi die Solanari eta Beaumonti. "Gobernu honen jarrera miserablea da. Nola esan dezakezue okupekin negoziatu beharra dagoela? Alde egin dezatela, eta hitz eginen dugu gero. Noiz aterako dituzue indarrez? Zertara dator elkarrizketaren tontakeria hori? Laura Perez andereari eta kontseilariari galdetu nahi diet: zuen etxea bortxaz okupatuko balute, haiekin solasean jarriko zinetekete?".

Ezkerrak, azkenik, txarretsi egin du UPN, PSN eta PPren jarrera. Ukatu egin du Nafarroako Gobernua Maravillas gaztetxeko kideekin "elkarlanean" aritu denik: "Gobernuak egin duena da auzitegiari egoeraren berri eman, eraikinaren hustea eskatu eta Foruzaingoa epailearen aginduetara jarri. Gobernua saiatu da eraikina berreskuratzen, eta huste prozeduraren bitartez egin nahi izan du, eta hori da, hain zuzen, gure desadostasun handiena. Guk ez dugu uste gazteak indarrez kaleratzea irtenbide egokia denik".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna