Musika

Bob Dylanek Iruñean eta Barakaldon joko du apirilean

2019ko apirilaren 25ean eta 26an, Bob Dylan AEBetako musikari ospetsuak Iruñean eta Barakaldon joko du, hurrenez hurren. Sarrerak abenduaren 28an jarriko dituzte salgai.

Bob Dylan, 2012an, Benicassimgo musika jaialdian (Herrialde Katalanak), zuzeneko emanaldian. DOMENECH CASTELLO / EFE
Andoni Imaz.
2018ko abenduaren 21a
15:48
Entzun

Bira amaigabean jarraitzen du Bob Dylan musikariak, 1988an hasitako Neverending Tour-ekin. Urtean ehun kontzertu ingururekin, musika egiteko eta jotzeko bizi da kantaria. Hainbat kontzertu iragarri ditu Europan 2019ko lehen hilabeteetarako, eta bi emanaldi egingo ditu Euskal Herrian. Apirilaren 25ean, Iruñeko Nafarroa Arenan ariko da, eta hurrengo egunean, berriz, Barakaldoko (Bizkaia) Bizkaia Arenan. Sarrerak abenduaren 28an jarriko dituzte salgai, 11:00etan, Riffmusic promotoraren webgunean.

XX. mende hasierako AEBetako kantutegi klasikoan murgilduta jarraitzen du musikariak, eta unean uneko interesen arabera egokitzen dituen emanaldi intimoak egiten. Garai hartako kanten bertsioekin egin ditu azken hiru diskoak. Iaz kaleratu zuen Triplicate (Columbia), gainera, zuzeneko soinuarekin grabatu zuen.

Kontzertuaren antolatzaileen arabera, "galdutako garai bat aldarrikatzeko malenkonia" sumatuko da 2019an emango dituen kontzertuetan; Dylanen haurtzarokoa, "bizi gabeko nostalgiarena". Mende erdiko jardunarekin, rock kulturaren ikono gorenetako bat bilakatu zen aspaldi, baina mitoari aurre egiten jarraitzen du aldiro, soilik haren "pasio eta obsesioei" egiten baitie jaramon.

38 disko eta Literaturako Nobel Saria aldean, hamaikagarren aldia izango du Euskal Herrian. 2015eko udan eman zuen azken kontzertua, Donostiako Illunbe zezen plazan. Lehenengoa, berriz, duela ia 30 urte: 1989ko ekainaren 17an, 9.000 lagun bildu zituen Donostiako Belodromoan. Ordutik, Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Baionan ere jo izan du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.