Artea

Bestelako argiak neguko arte jaialdia hasi da, Iruñean

Gaurtik urtarrilaren 7ra arte ikus-entzunezko artean oinarritutako jarduerak egingo dituzte hiriko hainbat tokitan.

Iruñeko Ziudadelan egingo dute Bestelako argiak jaialdia, urtarrilaren 7a arte. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ane Eslava.
2018ko abenduaren 21a
12:54
Entzun

Bestelako argiak jaialdia “gogoetarako, gozamenerako eta emozioetarako” espazio bat izango da, eta kalea izango du agertoki nagusi. Ikus-entzunezko artean oinarritutako hainbat jarduera eskainiko dituzte, hiriko zenbait tokitan. Iruñeko Udalak antolatu du jaialdia, hirugarrenez.

Jaialdiaren egoitza nagusia Ziudadela izango da, eta proposamen garrantzitsuena, Tökkö ikus-entzunezko instalazioa. Led argiko 150 disko handirekin osatutako pieza bat da, eta, disko horiek zapaltzean, argia eta soinua sortzen dute. Gotorlekuaren erdigunean jarri dute, eta bertatik pasatzen direnek soinu-paisaiak proposatu ahal izango dituzte. Instalazioak naturaren soinuak islatuko ditu, eta sentimenduak eta emozioak irudikatuko ditu.

Horretaz gain, Ziudadelaren sarrerako tuneletan argi instalazioak jarri dituzte. Horiek zeruak eta hodeiak simulatuko dituzte, eta jendea bertatik pasatzerakoan, aktibatu egingo dira hainbat elementu. Hala, argiarekin eta itzalarekin jolastuz, oinezkoei esperientzia berriak eskainiko dizkiete.

Ziudadelako Labean, berriz, arte eskolak egongo dira: 12 artistek tailer esperimentalak egingo dituzte. Toki berean, Hermanos Oligo antzerki konpainia valentziarrak Tribulaciones de Virginia lana eskainiko du, gaurtik hilaren 30era arte, egunero, 19:30etan. Azkenik, urtarrilaren 1era arte III. Bideoarte Erakusketa egingo dute: filmak proiektatuko dituzte hiriko hainbat tokitan; Eslaba kalean, Gaiarre antzokian eta Condestable Civivox aretoan, besteak beste.

Jarduerak gaur hasiko dira, baina atzo egin zuten jaialdiaren irekiera ikuskizuna, Kondestable Civivox aretoan. Cabezafuego musikariak eta Beatriz Sanchez marrazkilari eta multimedia artistak elkarlanean sortutako Bumaye! izeneko ikuskizunak eman zion hasieran festibalari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.